Bel Pozueta Nafarroako EH Bilduko diputatuak Espainiako Gobernuari zuzendutako galdera batzuk erregistratu ditu, “Esako urtegiaren eskuineko hegalari segurtasuna emateko eta inguru horretako ezegonkortasunari aurre egiteko zer egiten ari den” jakiteko. Honako hau eskatu du: “handitze obrekin aurrera ez egiteko, urtegiaren eta bere inguruen segurtasun maximoa bermatuta ez dagoen bitartean”.
Ohar batean, Pozuetak gaitzetsi egin ditu diputatuak berak aurtengo apirilaren amaieran egindako galderei erantzunez Estatuko Gobernuak egindako baieztapenak, urtegiaren segurtasunari eta hura handitzeko proiektuari buruz. Pozuetak kolokan jarri ditu Ministerioaren baieztapenak; horren arabera, “orain arte egindako txosten guztiek ondorioztatu dute obrak segurtasun-berme osoarekin egiten ari direla; beraz, ez dago arrazoi objektiborik lanak behar bezala egiten ez jarraitzeko”.
Pozuetak “arduragabetzat” jo du Gobernuaren erantzuna; izan ere, nabarmendu duenez, “orain arte egindako txostenek ohartarazten dute urtegiaren eskuineko hegaleko mugimenduez eta horren ondoriozko arriskuaz”.
Ildo horretatik, EH Bilduko diputatuak Antonio Aretxabala eta Antonio Casas geologoek egindako txosten zientifikoa nabarmendu du, Zangozako Udalak eskatutakoa. Txosten horren arabera, “segurtasun-faktorea bat da, hau da, mendi-hegalari eusten dioten indarrak eroriko liratekeenekin berdinduta daude”.
Era berean, Antonio Casasek eta Carmen Ricok egindako beste azterlan bat ere aipatu du Pozuetak. Azterlan horren arabera, “urtegia handitzeak urtegiaren azpian dauden populazioentzat, bereziki Zangozarentzat, arrisku handia dakar”.
Halaber, Pozuetak gogorarazi du Zangozako Udalak, “hainbat txostenetako ondorioak ikusi ondoren, eskatu egin zuela kota berria ez betetzeko eta oraingoa hormigoizko presa segurtasun-neurri gisa gainditu gabe mantentzeko”.
Horregatik guztiagatik, “txosten horiek urtegiaren segurtasuna zalantzan jartzen dutela kontuan hartuta”, EH Bilduko diputatuak Espainiako Gobernuari galdetu dio “segurtasun-neurriak bermatzen ari diren eta zein arrazoitan oinarrituta”, baita “ikusita lanek aurrera jarraitzen dutela, inork jakin gabe aurreikusita dauden interbentzioak, hegalari segurtasuna emateko eta gainezkabideak konpontzeko zer egiten ari diren” ere ezagutzeko.