Albisteak

2026-11-11

Eneka Maiz: “Gure konpromisoa argia da: udaletan, Nafarroan eta Madrilen etxebizitzaren arazoari eman dakioken erantzun irmoenaren alde egingo dugu”

Eneka Maiz: “Gure konpromisoa argia da: udaletan, Nafarroan eta Madrilen etxebizitzaren arazoari eman dakioken erantzun irmoenaren alde egingo dugu” NAFARROA

Etxebizitza eskubidearen alde Hego Euskal Herrian egin den greba orokorraren mobilizazioetan parte hartu dute EH Bilduko ordezkariek. Iruñeko mobilizazioan izan dira, besteak beste, Laura Aznal Nafarroako lehendakarigaia eta Eneka Maiz Kongresurako Nafarroako zerrendaburua.

Mobilizazioaren hasieran, Laura Aznal Nafarroako lehendakarigaiak EH Bilduren ibilbidea eta konpromisoa aldarrikatu ditu: “Gaur EH Bilduko ordezkariok greba orokorraren mobilizazioetan parte hartzen ari gara, etxebizitza eskubide gisa ulertzen dugulako, ez negozio gisa. Horregatik, etxebizitzaren arazoa soluziobidean jartzeko ardura gure egin dugu eta motore izan gara Nafarroan azken hamarkadan eman ditugun urratsetan. Zonalde tentsionatuak deklaratzeko aukera zabaldu dugu, babestutako etxebizitzen kalifikazio mugagabea ezarri dugu eta, berriki, fiskalitate justuago baten aldeko urratsa eman dugu etxebizitza sarbidea errazteko eta espekulazioari aurre egiteko. Jakitun gara anbizioa eta baliabideak falta direla; asko egiten ari gara, baina gehiago egin behar dugu”.

Bestalde, Eneka Maiz Kongresurako Nafarroako zerrendaburuak herritarren eragiteko gaitasuna eta norabide berean urratsak ematen jarraitzeko beharra nabarmendu ditu: “Une honetara nola iritsi garen balioan jarri nahi dugu gaur: ditugun eskubideak konpromisoari, antolakuntzari eta borrokari zor dizkiogu. Lanean jarraituko dugu, kalean zein instituzioetan, etxebizitza eskubidea izan dadin, eta ez gutxi batzuen negozioa. Gure konpromisoa argia da: udaletan, Nafarroan eta Madrilen etxebizitzaren arazoari eman dakioken erantzun irmoenaren alde egingo dugu”.

Amaitzeko, Maizek datozen egunetako agenda eta mobilizazio-dinamika gogorarazi ditu: “Horregatik, gaur EH Bildu kalean dago, dozenaka milaka herritarrekin batera; bihar, Madrilen, bi dekretuak babestuko ditugu; larunbatean, Bilboko kaleak beteko ditugu manifestazio nazionalean; eta azaroaren 29an, hautetsontzietan erakutsiko dugu gure konpromisoa".

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a