Maiatzaren 24an hamarkada bat beteko da 2015ko udal eta foru hauteskundeak ospatu eta Nafarroan aldaketari ateak ireki zitzaizkionetik. Urteurrena gogoan hartzeko, EH Bilduk ekitaldia egingo du Iruñeko O plazan, eguerdian, Hamaika egiteko jaioak izenburupean. “Nafarroaren politikagintzaren historian mugarri garrantzitsua izan zen 2015a, ezberdinen artean elkarlana sustatzea eta eskuinei ateak ixteko akordioak lortzea posible zela erakutsi genuen-eta”.
Hamarkada honetan, Nafarroa mailan eta herriz herri, aldaketaren bidea urratzen egindako ibilbidea balioan jarri eta etorkizunera begira jarriko da alderdi soberanistak. “Bizi dugun ziurgabetasun garaiotan, argi geratzen ari da EH Bildu determinantea den espazio eta instituzioetan gauzak egiteko beste modu bat dagoela, ziurtasuna eskaintzerik dagoela”, azaldu du koalizioak. Ekitaldian, EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik eta Nafarroako bozeramaile Laura Aznal foru parlamentariak hartuko dute hitza.
2015ko maiatzeko emaitzek Nafarroako lehen indar munizipalista egin zuten EH Bildu, eta urtetik urtera handitu egin du udalgintzan duen eragina. Maiatzaren 24an, EH Bildu gobernatzen dituen 32 udalerrik hamar urte edo gehiago beteko dituzte. Horren adibide dira, besteak beste, Tafalla, Uharte, Berriozar edota Mendigorria, zeinetan urteurrena ospatzeko eta komunitatea elkartzeko ekimenak antolatu dituzten maiatza eta ekaina bitartean.