EH Bilduk Memoria Demokratikoaren Legeari buruzko "balorazio kritikoa" egin du; izan
ere, irailaren 15ean onartu zuten aurreproiektua Ministroen Kontseiluan, eta Kongresuan
tramitatzeko dago oraindik. Koalizioak 'Memoria Historikoaren eta Errepresio frankistaren
Jardunaldiak' egin ditu Sartagudan, bertan jasotako ekarpenekin, "Kongresurako lan
tresna izango den dekalogo bat osatzeko, eta mugimendu memorialistaren hiru
aldarrikapen nagusi modu integralean jorratzeko: Egia bilatzea, Justizia lortzea eta
Errepresio frankistaren biktima guztientzako Erreparazioa lortzea”.
Nafarroako eta Euskal Herriko memoria-mugimenduetan parte hartzen duten 35 pertsona
baino gehiago izan dira bertan. Hasiera ekitaldian, Sabino Cuadra Amaiurreko diputatu
eta abokatuak eta Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak parte hartu dute. Bakartxo Ruiz
Nafarroako bozeramailea ere bertan izan da.
Bel Pozuetak azpimarratu duenez, lege honekin "aukera bat ikusten du eztabaidaren
erdigunean frankismoaren krimenen zigorgabetasuna eta biktimentzako benetako
erreparazioaren beharra kokatzeko", baina ez du ezkutatu nahi izan "oztopo" ugari
aurkitzen ari direla, “batez ere eztabaidari aurre egiteko orduan giza eskubideak urratu
ziren eremu guztietatik eragiteko”. Horretarako, "Espainiako Estatuak jarrera proaktiboa
izatea ezinbestekoa" dela uste du.
Sabino Cuadrak, bere aldetik, Memoria Demokratikoaren Legearen irakurketa kritiko eta
zehatzagoa egin du. "Urrats garrantzitsuak egin dira Estatuak arlo horretako erantzukizuna
bere gain har dezan, eta, ildo horretan, Frankismoaren biktima guztien errolda bat
osatzeaz hitz egiten da, bai eta memoria lekuen errolda bat osatzeaz ere, eta mapa bat
ere, non esklabo lanak osatu ziren leku guztiak markatuko diren”.
Hala ere, “aurrera pauso positibo" horiek onartuz, aurreproiektuaren artikulu guztiak
aztertu ondoren, EH Bilduk ondorioztatu du "egia, justizia eta erreparazioa hobetzeko
tarte handiak" daudela, "memoria demokratikoaren atalasea gainditzeko", eta, ildo
horretan, "Legeak ez dakarrela Espainiako zigorgabetasun-ereduarekiko haustura bat".
"Hau da, eraildako pertsonen errolda bat aurreikusten da, baina ez hilketa horien
erantzuleena; lan esklaboen mapa bat osatzeaz hitz egiten da, baina ez dira ikertzen
esklabutzako lan-baldintzetatik onura handiak lortu zituzten enpresak”. "Frankismoak
egindako desjabetze-lapurretan edo eliz immatrikulazioetan ere ez da sakontzen".
Justizia arloan, EH Bilduk kritikatu duenez, "beste behin ere, ez dago justiziaren gaia
jorratzeko modurik". "Orain arte 100 kereila baino gehiago aurkeztu dituzte udalek
frankismoaren gizateriaren aurkako krimenengatik, eta inoiz ez da lortu justiziaren atea
igarotzea. Horietako bat ere ez da inoiz tramitera onartu ", gogorarazi du Cuadrak.
Horren harira, EH Bilduk esan du beharrezkoa dela "zigor kodea aldatzea eta giza
eskubideei buruzko nazioarteko legezkotasunaren printzipioa sartzea, baita Prozedura
Kriminalaren Legea erreformatzea ere". Halaber, Sekretu Ofizialen Legea erreformatzea
"premiazkoa" dela uste du, "gardentasunaren eta herritarren informazio eskubidea
aitortzearen printzipioetan oinarritutako lege berri bati bide emateko”.
EH Bilduk irmoki defendatzen du "frankismoak ezkutatutako eta isilarazitako aurreko egia
guztiak argitara ateratzeko beharra, Egiaren Batzordeak sortuz" eta "78ko abenduko
fikziozko hesitik haratago hedatu ziren" urraketei buruzkoa, "Konstituzioa indarrean sartu
zenean, hala nola torturen edo haur lapurtuen kasuan”.
Azkenik, bi hizlariek aitortu eta azpimarratu dute memoria historikoaren arloan eman den
"aurrerapen oro" "lan handiari, inplikazioari eta mugimendu memorialisten kemenari
esker" izan dela, eta, beraz, "Ezinbestekoa" dela mugimendu horiek "presente egotea
eta eztabaidan protagonista izatea”.
Sartagudan