EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioa “kritiko” agertu da Nafarroako Gobernuak bultzatutako Berdintasun Planaren aurrean, astearte honetan Nafarroako Parlamentuan onartu dena.
EH Bilduko Berdintasunerako bozeramaile Patricia Peralesek nabarmendu duenez, “Berdintasunari buruzko Foru Legea badugula kontuan hartuta, aukera handia galdu da berdintasun-politikei benetako bultzada emateko eta bide horretan aurrera egiteko”. “Planaren hasierako planteamendua orokorregia, partzialegia eta asmo gutxikoa zen, eta bukaerako planak, nahiz eta alderdi batzuk hobetu dituen, ez du aurrerapen kualitatiborik jasotzen”, gaineratu du.
Peralesek “kezka” agertu du Nafarroako Berdintasuneko Institutuak plan honen garapenean egiten duen lanari dagokionez, “deitoratzen dugu Berdintasunerako Foru Legea garatzeko eta betetzeko dagokion zeregin aktiboa bere gain hartu nahi izan ez izana”.
Hala ere, EH Bilduren bozeramaileak bere taldeak planari egin dizkion ekarpenak nabarmendu ditu, “NBIk bere gain har dezan legearen garapena kontrolatzeko, koordinatzeko eta bultzatzeko dagokion eginkizuna”. “Gure proposamenek planaren edukia nabarmen eta modu argian aberasten zutela uste dugu; horregatik, deitoratzen dugu horietako askok aurrera egin ez izana”.
Era berean, “gogor kritikatzen dugu gainontzeko talde parlamentarioek onartu ez izana gutxienez departamentu bakoitzaren aurrekontuaren % 1 honako plana burutzeko erabiltzea, nekez beteko baita planean defendatzen den zeharkako konpromisoa”. “Ulertezina da alderdi gehienek Martxoaren 8ko Plataforma Feministarekin hitz egiteko mekanismoak ezartzeko proposamena errefusatu izana”, gaitzetsi du Peralesek.
EH Bilduk 32 ebazpen-proposamen aurkeztu zizkion Berdintasun Planari, eta horietatik 20 onartu dira, horietatik 7 Gobernua osatzen duten taldeekin adostuta.
Hori dela eta, EH Bildu abstenitu egin da Planaren azken bozketan; izan ere, Peralesek defendatu duenez, “plana ahalbidetu dugu, hobe delako tresna bat izatea ezer ez izatea baino, eta eztabaidaezina delako hobekuntzak ekarriko dituela aurrera eginez gero”. Hala ere, nabarmendu duenez, “plan honek ez du bermatuko funtsezko aldaketarik edo aldaketa garrantzitsurik berdintasunerako politika publikoetan, ezta legearen garapena ere”.
Horrela, bada, alderdi politikoaren bozeramaileak EH Bilduren berdintasunarekiko “konpromisoa” berretsi du, “gogor lan egingo dugu politika publikoak hobetzeko eta indartzeko, pertsonak erdigunean jarriko dituen eta, emakume izate hutsagatik, emakumeok jasaten ditugun zapalkuntza anizkoitzagoei aurre egin nahi dien beste eredu sozioekonomiko bat eraikitzen laguntzeko”.