Nafarroako Parlamentuan urte honen hasieran hasitako Bitartekaritza Ponentzia ostiralean, azaroaren 18an, amaitu da, Ponentziak osatutako azken txostenarekin. Txostenak Parlamentuko talde guztien aldeko botoa jaso du, Navarra Sumarena izan ezik, abstenitu egin baita.
Hala, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak Arantxa Izurdiagak egindako “lan handia” nabarmendu du. Izurdiaga taldeko parlamentari eta Ponentzia horretako presidentea da, eta “ekarpen garrantzitsuak egitearekin batera, ponentziaren gidaritza lanak burutu ditu hilabete hauetan zehar”.
Ponentziaren xedea bitartekaritza eta gatazkak konpontzeko beste teknika eta mekanismo batzuk aztertzea zen, Nafarroako herritarren beharren araberako bitartekaritza-eredua garatzeko”. Horrela, Izurdiagak adierazi duenez, “hainbat esparrutako adituen iritzia entzun ondoren eta ekarritako dokumentazio ugari aztertu ondoren, Ponentziak pertsona fisiko eta juridikoen gatazkak eta beharrak gure lurraldean konpontzeko metodo egokien erabilera sustatu eta ezartzeko beharraz hausnartu du”.
Era berean, ponentzia buruak nabarmendu du Nafarroa “aitzindaria” izan dela zigor-eremuko ezarpenean, “2018tik zerbitzu publiko bihurtu baita bitartekaritza”. Esparru zibilari dagokionez, “Itunaren tradizio handia dago, Foru Berrian islatzen den bezala”, gaineratu du.
Hala ere, Izurdiagak “administrazio-arloan aurrera egiteko beharra” adierazi du, Ponentziaren azken txostenean jasotzen den bezala. Bertan, “bitartekaritza eta beste konponketa-teknika batzuk garatzeko neurri zehatzak proposatzen dira”.
Ildo horretatik, Izurdiagak nabarmendu duenez, “giza harremanen gehiegizko judizializazioak sistema judizialak gero eta erantzun geldoagoak eta ez beti kasu bakoitzarekin bat datozenak sortzea ekarri du”. Horregatik, “bitartekaritza-ereduan eta konponketa-tekniken garapenean aurrera egiten jarraitzeko beharra” azpimarratu du.