Bilkideei zuzendutako galdeketa egin ondoren, EH Bilduk jakitera eman du botoen % 82,7 Nafarroako Mahaiak planteatutako irakurketa politikoaren aldekoak izan direla; %12,7, aurkako botoak izan dira; eta % 4,6, txuri. Alderdi subiranistak prentsa ohar batean adierazi duenez, Nafarroako afiliatuen % 61,2k parte hartu du galdeketan. Horrela, “gehiengo zabal batek Chiviteren inbestidura abstentzioaren bidez babestearen alde egin du”.
Ildo horretan, EH Bilduren ustez, “Chiviteren hurrengo inbestidura abstentzioaren bidez ahalbidetzea abiapuntua da Nafarroan aurrera egiten jarraitzeko”. “Legegintzaldi berri honetan are zorrotzagoak izango gara zerbitzu publikoak indartzeko, eskubideak zabaltzeko eta Nafarroako autogobernuan aurrera egiteko; izan ere, Nafarroan gehiengo sozialak babesteko eta haien interesak defendatzeko politika aurrerakoiak egiteko EH Bildu da bermea”, adierazi du.
Galdeketa atzo egin zen, asteazkenean, eta 24 orduko iraupena izan zuen. Horretan, EH Bildu Nafarroaren Mahai Politikoak aldezten zuen “testuinguru konplexu batean gaudela, agortzen ari den erregimenaren politika zaharraren eta bazterketarik eta konplexurik gabeko etapa berri baten artean. Garatzen ari garen ildoan sakontzeko unea da, eta horretarako lehen geldialdia inbestidura izango da. Aurrera egiteko aukera eman behar digun ezinbesteko geldialdia”.
Azkenik, EH Bilduk eskerrak eman dizkie “galdeketan parte hartu duten ehunka bilkideei”.