Albisteak

2023-07-14

EH Bilduk Sanferminetako giro ona eta parte-hartzea nabarmendu ditu eta UPNk herri ekimenak dinamitatzeko duen estrategia salatu du

EH Bilduk Sanferminetako giro ona eta parte-hartzea nabarmendu ditu eta UPNk herri ekimenak dinamitatzeko duen estrategia salatu du IRUĂ‘EA

Eraso sexisten aurkako erantzun bateratua nabarmendu du, kudeaketa erregionalista kaotikoak bereziki hondakinei eragin dien urtean

 

Sanferminetako Mahaiaren premiazko deialdia eskatu du irailerako

 

2023ko Sanferminak amaitzeko ordu gutxiren faltan, EH Bilduk Iruñeko Udalean duen udal taldeak nabarmendu du iruindar gehienek eredugarri jokatu dutela egun hauetan, eta horrek agerian uzten duela, “beste behin ere, Iruñeak bere jaien inguruan duen benetako konpromisoa eta erantzukizun ukaezina”. “Nahiz eta jende asko saiatu den gatazka-egoerak sortzen, ekainaren 23ko hauteskunde-hitzorduak markatutako jaietan etekin politikoa ateratzeko, zibismoa eta giro ona nagusitu dira, eta probokazioek ez dute beren asmoa lortu” azpimarratu dute subiranistek. “Albiste ona da hau, nahiz eta zenbaitek bestelako argazkiak bilatu edo beste alde batera begiratu duten hedabideen aurkako jazarpen-kanpaina baten aurrean, non ultraeskuinak sinatutako eta gainerako eskuinak oihukatutako lelo zehatz bat erabili den”, esan dute.

Iruindarrek eraso sexisten aurka emandako erantzun “bateratu eta irmoa” izan da talde abertzaleak nabarmendu duen beste gaietako bat. “Mugimendu feminista buru, hiri honek, beste behin ere erakutsi du konpromiso hautsezina salaketarekiko, biktimak babestearekiko eta emakumeenganako mota guztietako indarkeriak desagerrarazteko exijentziarekiko. Gure esku jarri dugun protokoloaren aplikazioari esker, berriz ere erakutsi dugu erreferentziazko hiria garela eta hala izaten jarraitu nahi dugula”, nabarmentzen zuen.

Ildo horretik, EH Bilduk nabarmendu du iruindarrek parte hartze handia izan dutela programan, baina deitoratu du gobernu taldeak berretsi egin duela “herri ekimenak lehertarazteko estrategia”. “Argi dago estrategia honi jarraituz peña jakin batzuei lokalak irekitzeko trabak jarri zaizkiela, programa alternatiboen aurkako mehatxuak izan direla edo jai-gune herrikoiak eduki ahal izateko oztopoak jarri dituztela”, ondorioztatu dute subiranistek. “Ebidentzia honen aurrean, EH Bilduk jaien izaera herrikoia aldarrikatu du berriz ere, eta atsedenik gabe lan egiteko konpromisoa hartu du, haien merkantilizazioa geldiarazteko, Sanfermin herrikoiak berriz bultzatzeko eta benetan euren arima direnak, iruindarrak, festaren erdigunean jartzeko”.

Konpromiso hori antolatzeko, talde abertzaleak eskaera bat egingo du berehala, Sanferminetako Mahaia, jaietan lan egiten duten 80 kolektibo baino gehiago biltzen dituen erakundea, irailean premiaz bil dadin. “Landu beharreko gaien agenda izugarria da, baina, batez ere, erakundea sanferminetako talde eta kolektiboekin lotzen duen organo baten protagonismoa berreskuratzea da helburua. Tresna hori urteetan zehar eraginkorra izan zen jaiak hobetzeko, eta UPNk urteak daramatza bere burua baztertu nahian”, azaldu duenez.

Arazoak garbitasunarekin eta antolakuntzako kaosarekin

Cristina Ibarrola (UPN) buru duen gobernu taldeak sanferminei buruz egin duen kudeaketari dagokionez, bi gai dira EH Bilduren hausnarketen ardatza: garbitasuna eta antolakuntzaren kaosa. “Lehenik eta behin, talde horrek edalontzi birziklagarriaren sistemaren inguruan egin duen kudeaketa hutsala eta negargarriari buruz hitz egin behar da, eta horrek, hein handi batean, gertakari onartezin bat azaltzen du: aurreko urteekin alderatuta ikusi ahal izan den hondakinen, batez ere plastikoen, gorakada nabarmena”, azaldu du talde subiranistak. “Klima-mehatxuaren testuinguruan, eta hiri gisa trantsizio ekologikoarekin dugun konpromisoa gehien erakutsi behar dugunean, hondakin plastikoak murrizteko urteetan egindako ahaleginak alde batera uztea arduragabekeria galanta da, soilik UPNk gai honekiko duen inplikazio faltarekin konparagarria”, esan du.

Antolakuntzaren kaosari dagokionez, EH Bilduk honako hauek azpimarratu ditu: “Txupinazoan eta prozesioan behin eta berriz egindako protokolo akatsak; komunikazioetan izandako atzerapena; programan izandako inprobisazioak eta ekitaldi batzuetan izandako justifikaziorik gabeko eta aldebakarreko aldaketak”. Azken horri dagokionez, bi dira kasu larrienak, subiranisten ustez: “Udaletxean adinekoei egiten zitzaien omenaldi zibila San Saturnino elizan ekitaldi erlijioso bihurtzea eta haurrei egiten zitzaien harrera alboratzea, Santuari lore eskaintza batekin ordezkatzeko”. Baina “okerrena” da “erabakiak bere kabuz hartu dituela, kontsultarik egin gabe, gutxiengoan dagoen gobernu batek. Gobernu horrek bere sinesmen erlijiosoak lehenetsi ditu, Udalak, erakunde gisa, biztanleria osoarekiko duen betebeharraren aurrean, kredoak alde batera utzita”.

Azkenik, EH Bilduk udal langile guztien lana nabarmendu du, baina baita beste erakunde eta zerbitzu batzuena ere. “Beti bezala, profesional horien efizientzia- eta eraginkortasun-maila handiari esker, jai hauek normaltasunaren bidetik joan dira, eta, horregatik, udal honetako kide garen guztiok eskerrak eman behar dizkiegu”, ondorioztatzen zuen.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a