UPNk oposizioak otsailean onartutako zuzenketa ez betetzea salatu dute eta proiektu honetarako 150.000 euro erabilgarri daudela gogorarazi dute
EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Contigo Zurekin taldeek adierazpen bat sinatu dute, urtea amaitu baino lehen Nicasio Landa ikastetxearen zati bat Etxabakoitzerako behin-behineko Civivox gisa moldatzeko eta honetarako 150.000 euroko partida gauzatzeko. Salaketa eta eskaera asteazkenean defendatuko dute Hirigintza Batzordean. Funtsen exekuzio materiala eskatzeaz gain, UPNk proiektua gauzatzeko betebeharra behin eta berriz betetzen ez duela ere salatuko dute.
Adierazpenak gogorarazten duenez, joan den otsailean Udaleko osoko bilkuraren gehiengoa osatzen zuten oposizioko taldeok "hainbat zuzenketa egin behar izan genizkien Maya jaunaren, Caballero andrearen edo Echavarri andrearen gobernu-taldeak aurrekontu luzatuei egindako aldaketei". Zuzenketa horiek, sinatzaileen esanetan, "Navarra Sumaren aurrekontuek auzo batzuekin egin nahi zuten diskriminazioa zuzentzera" bideratuta zeuden. "Oposizioko taldeok 14 zuzenketa aurkeztu genituen auzo guztietan inbertsioak modu bidezkoagoan banatzeko, adibidez, Sanduzelain ideia-lehiaketa abian jartzeko edo Milagrosan berrurbanizazio-proiektu bat idazteko", gogorarazi dute. Etxabakoitzeko Nicasio Landa eraikinaren zati batean behin-behineko Civivox bat egiteko zuzenketa horien artean zegoen.
"Etxabakoitz auzoak ez du kultura-ekipamendurik, eta, horregatik, 150.000 euroko zenbatekoa gehitzen dugu proiektu honetarako, datorren 2024an auzoak kultura-eraikin bat izan zezan", argudiatu dute. "Ordutik, UPNk ez du zuzenketa bete nahi izan, auzoaren beharrak alde batera utzita", salatu dute talde sinatzaileek. "Horren froga da oraindik ez dutela azaldu aurrekontu-partida hori exekutatuko duten, eta are gutxiago ez-betetze hori eragin duten arrazoiak", argudiatu dute.