Albisteak

2023-11-03

EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Contigo Zurekin taldeak Iruñeak bertako produktua sustatzen duen Milango Ituna berrestea eta betetzea eskatu dute

EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Contigo Zurekin taldeak Iruñeak bertako produktua sustatzen duen Milango Ituna berrestea eta betetzea eskatu dute IRUÑEA

UPNk programa hori bertan behera utzi izana salatu dute eta Udalak 2016an onartutako ildo estrategikoak berriro lantzea eskatu dute

 

EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Contigo Zurekin taldeak adierazpen bat sinatu dute elkarrekin, Iruñeko Udalak Milango Itunarekin bat egitea berresteko eskatuz. Itun horren helburuak biodibertsitatearen defentsa eta zirkuitu laburrekin, tokiko produktuarekin eta zero kilometroarekin lotutako elikadura jasangarriaren eredu baten aldeko lana dira, eta 2016an sinatu zuen Iruñeak; eskuineko gobernuek bertan behera utzi dute. "Deitoratu behar dugu 2019tik Udalak ez duela Milango Itun Sarean laguntzen, eta 2016tik aurreratutako lanak atzerapauso handiak izan ditu proiektu guztietan", salatzen du testuak.

"Jakin, badakigu, Udalak ez duela Itunetik ateratzeko asmorik agertu eta kuotak ordaintzen dituela, baina ez du Estatuko gainerako hiriekin sarean parte hartzen, eta urte hauetan ez du inolako proiekturik bultzatu sareak ezartzen dituen ildo estrategikoen barruan", azaldu dute talde sinatzaileek. Horregatik, datorren astearteko Presidentzia Batzordean hartu nahi den akordioak "UPNren utzikeria" salatzen du, "2016an sinatutako konpromisoekin", eta gobernu taldeari eskatzen dio "modu aktiboan lan egin dezala hiriko elikagai politiken itunak ezarritako ildo estrategikoetan".

Milango Hiri Elikadura Politikako Ituna (MUFPP) edo, laburtuta, Milango Ituna, udal-mailan egiten den elikagaien arloko nazioarteko lehen protokoloa da. Sare horretara atxikitzeak esan nahi du tokiko mailan ikuspegi guztietatik kontsumo jasangarriaren alde lan egiteko konpromisoa hartu behar dela, eta mundu osoko hirien partaidetzarekin nazioarteko protokolo baten alde egiten du, elikadura-sistemak garatzeko, jasangarritasunaren eta justizia sozialaren printzipioetan oinarrituta. Horrela, ekimen honen bidez, Udalak hirietatik gertu dagoen tokiko elikagai-ekoizpena sustatu eta babestu nahi du, merkataritza txikia babestu, elikagaien hondakinak murriztu eta hirietako elikadura-hornidura eta banaketa hobetu. Eredu horren ondorio zuzenena tokiko ekonomian, osasunean, elikagaien kulturan eta nekazaritzako ekosisteman bertan eragin positiboak izatea da. "Hemengoak – De Aquí" proiektua aitzindaria izan zen Iruñean, eta haur-eskoletako jantoki-sarean aplikatu zen. Ondoren, Tokiko Produktuen Azoka eta Geltoki bezalako ekimenek jarraitu zioten.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a