Albisteak

2019-11-22

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio Ondarearen gaineko Zergaren Lege Proiektuari

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio Ondarearen gaineko Zergaren Lege Proiektuari NAFARROA

EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak atzoko osoko bilkuran iragarri zuen bezala, EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio Ondarearen gaineko Zergari buruzko Foru Legea partzialki aldatzeko Foru Lege Proiektuari, eta eskatu egin du Foru Lege Proiektu hori Gobernuari itzultzeko.

EH Bilduk irmo defendatzen du aberastasuna modu ekitatiboan birbanatzea, bai eta diru-kutxa publikoei diru sarreren araberako ekarpena egitea ere, fiskalitate justuagoa bermatu ahal izateko. Zentzu horretan, Adolfo Araiz parlamentarioak adierazi duenez, "justizia fiskalaren ikuspegitik, zenbait ondasun motaren zerga-salbuespenak dira aberastasunaren tributazioan ekitate eta progresibitate printzipioak oztopatzen dituzten elementu nagusietako bat. Horregatik, arlo horretako edozein tributazioren helburua aberastasun handiei saiheste fiskalaren bideak ixtea izan behar du".

Horrela, Araizek adierazi duenez, "gobernu eta eragile politiko, ekonomiko eta sozialentzat premiazkoa izan beharko litzateke joera horiek indargabetzea helburu duten politika ekonomikoko neurriak eta jarduerak ezartzea. Eta, era berean, birbanatzeko mekanismo eraginkorrak ezartzea, sortzen diren errenta berriei zein pilatutako aberastasunari eragingo dietenak".

Hala, Araizek kritikatu duenez, "Lege Proiektu familia-enpresei atxikitako ondasunak ezabatzearen aurka egiten du, eta horren ordez, %100eko hobaria ezartzen du enpresa edo lanbide jarduera bat garatzeari lotutako ondasun eta eskubideen balioaren zergaren kuotan, edo 1.000.000 euro gorako enpresa partaidetzetan”.

Hortaz, EH Bilduko parlamentariaren hitzetan, "enpresa partaidetzen zerga-salbuespena berreskuratzea akats bat da aurrerakoi bezala definitzen den zerga sistema baten barruan".

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a