Albisteak

2024-07-17

EH Bilduk oso larritzat jo du Aroztegiko auzipetuen aurkako zigor eskaera

EH Bilduk oso larritzat jo du Aroztegiko auzipetuen aurkako zigor eskaera NAFARROA

Baztango herritarrek beren burua eta lurrak defendatzeko duten eskubidea kriminalizatzeko azken saiakera salatu du EH Bilduk eta babes osoa adierazi die Aroztegiko kanpaldian parte hartzeagatik auzipetutako zazpi lagunei. “Fiskalaren eskaerak argiki uzten du zein den esku-hartze judizialaren helburua auzi honetan: Aroztegian eraiki nahi duten proiektu horren aurkako erantzun herritar oro kriminalizatzea”, adierazi du.

Bertako herritarrek esan duten bezala, ez da Aroztegiko proiektuari lotuta baztandarrek jasan behar izan duten lehenengo jazarpen judiziala. Baina oraingoan, talde subiranistaren aburuz, beste maila batera eraman nahi izan dute jazarpen hori. “Baztango lurrak eta borondatea babesteagatik zigortu nahi dituzte, eskubide hori kriminalizatuz. Azken baten, auzipetuek egin duten gauza bakarra baztandarren gehiengoak hartutako erabakia defendatzea izan da. Bitartean espekulazioa oinarri duen proiektu bat, ingurunea eta bertako herritarrak kontutan hartu gabe etekin ekonomikoak bilatzen dituen proiektu pribatua babestu eta blindatu nahi izan du Nafarroako Gobernuak Udalez Gaindiko Plan Sektoriala tresna erabiliz. Bada garaia proiektu hori behin betikoz bertan behera uzteko eta UGPSren tresnari buruzko gogoeta sakona egiteko. Izan ere UGPS ezin baita bilakatu Tokiko Erakunde eta herritarren borondatearen gainetik pasatzeko tresna”.

Bihar, Baztango Udaleko osoko bilkurak auzipetuei babesa adierazteko eta proiektua deuseztatzea eskatzeko mozioa eztabaidatuko dute. EH Bilduk bat egiten du elkartasunaren adierazpenarekin eta Nafarroako Gobernuari Aroztegiko Udalaz Gaindiko Eragina duen Plan Sektoriala deuseztatzeko eta foru-intereseko izaera kentzearen eskakizunarekin.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a