Albisteak

2021-11-11

EH Bilduk Osasungintza eta Justizia kontseilarien agerraldi bateratua eskatu du, Iruñeko kartzelan preso baten heriotzaren ondoren

EH Bilduk Osasungintza eta Justizia kontseilarien agerraldi bateratua eskatu du, Iruñeko kartzelan preso baten heriotzaren ondoren NAFARROA

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santosek eta Osasungintza kontseilari Santos Indurainek batera agertzeko eskaera egin du, “Iruñeko espetxean osasun-arretaren arloan izandako aurrerapenen berri emateko, espetxe-osasunaren eskumena onartu ondoren, eta hartutako osasun-neurrien berri emateko, preso dauden pertsonen eskubideak, baliabide saniatarioetarako iristagrritasuna eta osasun-zerbitzuak erabiltzeko aukera bermatzeko”.

Era berean, EH Bilduk ahozko galdera bat erregistratu du Osasun kontseilariari zuzenduta, osoko bilkuran erantzun diezaioten. Zehazki, formazio politikoak jakin nahi du “zer baliabide dituen Nafarroako espetxe-osasunaren kontingenteak, Iruñeko espetxean dauden presoek osasun-arreta duina jasotzeko eskubidea bermatzeko”.

Halaber, talde parlamentarioak informazio-eskaera bat ere egin du, “espetxeetako Idazkaritza Nagusiak eta Nafarroako Gobernuak Iruñeko espetxean osasun mentaleko eta berdintasunerako programak sustatzeko sinatutako hitzarmenaren kopia bat” eskuratzeko.

Ekimen horiek guztiak ostegun honetan bertan, azaroaren 11n, Salhaketa Nafarroak Iruñeko kartzelan preso baten heriotza salatuz egindako jakinarazpenaren harira datoz.

EH Bilduren ustez, “errealitate hori onartezina da gizarte demokratiko batean”, eta agerian utzi du “Nafarroak espetxe-osasunaren eskumena bere gain hartu zuenetik hiru hilabete igaro ondoren, oraindik ez dagoela medikurik Iruñeko kartzelan eguneko 24 orduetan”.

Ildo horretan, EH Bilduk defendatu egin du “preso guztien osasunerako eskubidea eta kalitatezko osasun-arreta jasotzeko eskubidea”. “Orain, Nafarroak espetxeetako osasun-eskumena du, eta Gobernuaren betebeharra da kalitatezko arreta hori bermatzea”. Horregatik, EH Bilduren ustez, “beharrezkoa” da Osasun eta Justizia departamentuak “azalpenak ematea horri buruz, eta egoera horiek saihesteko jardutea”.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a