Talde politikoak gogora ekarri du Hezkuntza Itun bat egiteko beharra dagoen ala ez maiz eztabaidatu dela Parlamentuan eta, legegintzaldi honetan bertan, “Nafarroa Suspertu Planaren eztabaidan ildo bereko proposamena” eztabaidatu zela.
Une honetan “zilegi eta beharrezkotzat” jo du halako ekimen bati bide ematea, “hezkuntzaren gaineko eztabaida termino estrategikoetan kokatzea eta ahalik eta adostasun handiena lortzen saiatzea arlo sozial eta politikoan”. Izan ere, “azken urteotan hezkuntza komunitatearen kezken artean izan dira lege eta arauetan egon diren gora-beherak eta aldaketak, krisi garaian izandako murrizketak, egungo jendartearen eta ikasleen erronkei erantzuteko tresna eta baliabide falta”. Eta horrekin batera, azpimarratu du “azkeneko bi urteotan pandemiak berak jendarte osoaren aurrean jarri dituela Nafarroako hezkuntza sistemaren gabeziak eta erronka nagusiak”.
Halaber, azkeneko hiru hilabeteetan, Nafarroako Eskola Kontseiluak halako itun bat adosteko prozesua abian duela gogorarazi du EH Bilduk, eta “prozesu horrek dituen mugak gainditzeko beharra” azpimarratu du, “balizko itun batek aurrera egiterik izango badu, arlo politikoan ere adostasunak bilduta izanen baita”.
Talde parlamentarioaren esanetan, “hezkuntza komunitate eta jendarte gisa erronka itzelak ditugu aurrean, demografikoak, segregazioa gainditzeari, ekitateari eta kalitateari dagozkionak, berrikuntza pedagogikoari lotutakoak, planifikazio edo gobernantza ereduan”. Horrexegatik, EH Bilduk “ezinbestekotzat jo du hezkuntza komunitateak egin ditzakeen ekarpenekin batera, Parlamentuak eta bertan ordezkatuta dauden talde parlamentario guztiek ekarpenak egitea eta adostasunak biltzen saiatzea”.