Albisteak

2020-09-03

EH Bilduk Nafarroako Gobernua premiatu du udalentzako finantzaketa indartzera, haur eskoletan eta ikastetxe publikoetan COVID-19ri aurre egiteko

EH Bilduk Nafarroako Gobernua premiatu du udalentzako finantzaketa indartzera, haur eskoletan eta ikastetxe publikoetan COVID-19ri aurre egiteko NAFARROA

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak mozio bat erregistratu du zeinaren bidez, "tokiko erakundeekin hitzarmenak zabaltzera” premiatzen duen Foru Gobernua, “haur eskoletan eta derrigorrezko hezkuntza zentro publikoetan COVID-19ren aurkako errefortzu neurriak finantzatzeko".

EH Bilduk nabarmendu du "pandemia egoerak eragindako hainbat gasturi aurre egiteko Nafarroako udalek egindako ahalegina", eta gaineratu du "ikasturte hasierak haur eskoletan eta gainerako ikastetxeetan hainbat neurri antolatzea ekarriko du, Hezkuntza Departamentuak onartutako protokoloa betez”.

Koalizio politikoak defendatu duenez, "plantillak eta garbitasun neurriak indartzea beharrezko inbertsioak izanen dira, udalek kudeatzen dituzten zerbitzuetan aurretik egindako gastuari gehituta". Hala, 25 milioi euroko funtsarekin inbertsio gehiago egiteko udalek duten "ezintasuna" azpimarratu du, "dagoeneko hainbat gastutan konprometituta baitaude", argudiatu du.

Ikasturte berria hasteko egun gutxi falta direnean, eta "familien ziurgabetasun maila garrantzitsua dela kontuan hartuta", EH Bilduren ustez, "beharrezkoa da tokiko erakundeek behar adina baliabide izatea ikastetxeetako segurtasuna eta hezkuntza kalitatea hobetzeko".

Ildo horretan, talde parlamentarioak erregistratutako mozioaren helburua da "modulu ekonomikoak aldatzea eta toki-erakundeekin hitzarmenak zabaltzea, COVID-19tik eratorritako aparteko gastuei aurre egiteko, bai haur-eskoletan, bai sare publikoko derrigorrezko hezkuntzako zentroei eusteari ere dagokionez, itunpeko hezkuntzan egin den bezala, Nafarroako Gobernuak berriki baimendu duen 9,5 milioiko inbertsioarekin”.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a