Albisteak

2021-07-30

EH Bilduk Nafarroako Gobernua kritikatu du COVID-19aren bosgarren olatuaren kudeaketan "berandu eta gaizki" erantzuteagatik

EH Bilduk Nafarroako Gobernua kritikatu du COVID-19aren bosgarren olatuaren kudeaketan "berandu eta gaizki" erantzuteagatik NAFARROA

Alderdi politikoa “bereziki kezkatuta” dago arakatze-sistema “eskasagatik” eta Lehen Mailako Arretako baliabide faltagatik

EH Bilduk “bere kezka” berretsi egin du, pandemiaren egoeraren eta azken asteotan Nafarroako Gobernuak egindako “kudeaketa txarra” dela eta. “Behin eta berriz esan dugu beharrezkoa zela herritarrei mezu argiak ematea, udako hilabeteetan gerta zitekeena aurreikustea eta beharrezko baliabideak planifikatzea”.

EH Bilduk kritikatu duenez, “uda hasi zenetik, Nafarroako Gobernuak gehiegizko baikortasuna erakutsi zuen, deseskalada azkarregia planteatuz eta ekitaldi jendetsuetarako neurriak malgutuz, hala nola bigantxetarako edo herri-bazkarietarako. Inplizituki helarazi zuen pandemia igarota zegoela eta festa jakin batzuk "normaltasun" erlatiboko egoera batean ospatzea posible zela”. “Agerikoa da Gobernuak, txertaketaren martxa egokia ikusita, osasun-egoeraren bilakaera hobea espero zuela, eta udalen bizkar utzi zuela uda hasieran suerta zitezkeen arazoen kudeaketa. Baina udalek ez dute ez eskumenik ez tresna eraginkorrik egoera jakin batzuei aurre egiteko”, gaitzetsi du.

Hala, alderdi politikoaren ustetan, “behin egoera kontrolik gabe dagoela, Nafarroako Gobernuak berandu, gaizki eta egoerari aurre egiteko baliabide nahikorik gabe erantzun duela ikusi dugu. Gobernuak neurri batzuen arintzea zuzendu behar izan du, aldez aurretik Nafarroako Auzitegiaren oniritzia lortuta. Eta aurreikusiak ez zituen kutsatze eta ospitaleratze kopuruei aurre egin behar izan die”.

 

Ildo horretan, EH Bilduren ustez, “egoera honetan, bosgarren olatuaren kudeaketa desegokia izaten ari da. Arakatze-sistemak eta zeregin horretan diharduten langileek asteak daramatzate erabat gainezka. Eta herritarrek hori sumatu egiten dute, atzerapen handiak gertatzen ari baitira baieztatutako positiboekin harremanetan jartzeko orduan. Gainera, kasu askotan, kontaktu estuen datuak ere ez dira eskatzen sintomarik gabekoak badira, ezta txertorik hartu ez duten edo txertatze-pauta osoa ez daukaten pertsonen kasuan ere. Argi eta garbi adierazten da ez zaiela deituko”.

 

Azken batean, “jarduketa-protokoloak aldatzen ari dira, herritarrei jarraibide argirik eman gabe, eta erabateko ziurgabetasuna sortzen ari da positiboekin harreman estua izan duten kasuen kudeaketan eta jarduteko moduan: argibide argirik eman ezean, kutsatuta egon daitezkeen pertsona askoren irizpide eta borondatearen baitan uzten ari da beren borondatez isolatzea, osasun arlotik inolako jarraipenik egin gabe”. EH Bilduren ustez, “jokaera hau larria eta erabat ulergaitza da. Eta horrela, herritarrei ematen zaien mezua erabat zalantzazkoa eta kontraesankorra da”.


Horrekin batera, “egoera hau eragin zuzena izaten ari da ospitale-presioan eta Lehen Mailako Arretaren jardueran; gure osasun sistemak eta Lehen Arretak, bereziki, pandemiaren kudeaketari erabat baldintzatuta egoten jarraitzen du eta herritarrei kalitatezko arreta emateko modurik gabe. Horiek dira herritarrei mezu argiak ez helaraztearen, aurreikuspen eta plangintza faltaren ondorioak”, adierazi du EH Bilduk.

Horrexegatik, “orain Nafarroako Gobernuari dagokio gabezia horiek zuzentzen saiatzea, eta, horretarako, miaketa-sistema indartu behar du langile gehiagorekin eta protokolo bermatzaileagoekin, Lehen Mailako Arretari baliabide gehiago eman behar dizkio eta herritarrei jarraibide eta mezu argiak eman”. Era berean, “herritarroi ere badagokigu gogoan izatea norberaren erantzukizun indibidual eta kolektiboa eta, kudeaketa-erabakien gainetik, kontzientzia sozial eta solidarioz jokatzearen garrantziaz jabetzea”.

 

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a