Albisteak

2020-07-31

Eh Bilduk merkataritzari laguntzeko bonuak martxan jartzea eskatu du Na+en ezintasunaren aurrean, udal gobernuak ez baitu aurreikusten kanpaina hasiera irailera arte, proposamena onartu zenetik hiru hilabetera

Eh Bilduk merkataritzari laguntzeko bonuak martxan jartzea eskatu du Na+en ezintasunaren aurrean, udal gobernuak ez baitu aurreikusten kanpaina hasiera irailera arte, proposamena onartu zenetik hiru hilabetera IRUĂ‘EA

Koalizioak gogorarazi du ehunka pertsona ari direla sektore horretako lanpostuak galtzen eta atzerapena justifikaziorik gabekoa dela, Logroñon edo Donostian antzeko kanpainak amaitu direnean

"Covid 19aren pandemiaren ondorioz dozenaka denda txiki ateak ixten ari diren honetan, sektoreko ehunka langile lanpostuak galtzen ari direnean, eta krisi ekonomikoak gure hiriko aberastasun gune tradizional hori suntsitzeko mehatxua egiten ari denean, eskuineko hirukoak beste behin ere bere eraginkortasun eza eta kudeaketa txarra erakutsi ditu, 800.000 euroko laguntza bonuak geldirik mantendu ditu eta egoera horri aurre egiteko ezgai ageri da. Egoera honek dinamismoa, ausardia eta azkartasuna behar ditu, ez autokonplazentzia”. Horrela baloratu du EH Bilduk merkataritza txikiari laguntzeko bonuen kanpainaren atzerapena; izan ere, koalizioak apirilaren 17an planteatu zuen neurri hori Bozeramaileen Batzordean, eta lau hilabete geroago, maiatzaren 28an onartutako Berreraikitze Planean sartu zen arren, ez du oraindik argia ikusi. "Are okerrago, merkataritzako mahai teknikoaren uztailaren 27ko bileratik ondorioztatzen denez, irailera arte ez dira jarriko martxan, hau da, proposatu eta bost hilabetera eta onartu eta hiru hilabetera", salatu du koalizioak. "Tresna hori martxan jartzeari lehentasuna ematea eskatzen dugu, eta eskuineko hirukoa behingoz lanean hastea, krisi honekin okerren daudenei laguntzeko", eskatu du EH Bilduk.

"Logroño edo Donostia, esaterako, antzeko laguntza-kanpainak jarri dituzte martxan, eta arrakasta handiz amaitu dute. Hemen, ordea, arloko arduradunak behin eta berriz atzeratu du tramitazioa, besoak gurutzaturik egon da eta edukirik gabeko irudi kanpainak egitera mugatu da, ehunka pertsonen bizimodua arriskuan dagoen bitartean. Aski da" eskatu du koalizio subiranistak. "Iruñeak ez du merezi gobernu-talde honen gaitasun eza, tokiko merkataritzak ezin du itxaron eskuinak nagiak ateratzen dituen arte edota Iruñea azalera handiko merkataritzaz josita egon arte. Herritarren ordezkariak behartuta gaude gobernatzen dutenak behingoz martxan jartzeko eskatzera", gaineratu du EH Bilduk, eta gogorarazi du Merkataritza eta Turismo arloak bi zinegotzi dituela (zinegotzi delegatu bat eta zinegotzi berezi bat), zuzendaritza eta guzti. "Izendapen askeko lanpostuen gainegiturak erabateko ezgaitasuna erakutsi du".

Baina bonuen kanpaina martxan jartzeko atzerapenaz gain, merkataritza arloko beste zenbait ekimenetan (udazkeneko kanpaina, esaterako) eskuineko hirukoak sortu dituen oztopo eta ziurgabetasuna ere salatu ditu EH Bilduk. "Zalantza berriak sortu dituzte merkataritzarentzat, eskolara itzultzeko kanpainaren baitako diru laguntzak ezabatu dituzte, bonuen kanpainaren hasierarekin bat egingo duelako denboran, eta hori sektorarentzako beste arazo bat gehiago da praktikan", azaldu du koalizioak, eta "hurrengo ikasturterako elkarteekin izango duten lankidetza ekonomikoa ere ez dute argitzen", gaineratu du. "Itxaroteko denbora amaitu da, pazientzia agortu da eta ahalik eta modu argienean eta irmoenean exijitzen diogu, behingoz, udal gobernua suspertzea eta herritarrei laguntzen hastea", esan du koalizio subiranistak.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a