Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkeztutako helegitean, koalizioak argudiatu du ez zela espedienterik egin, ez zela belarrak zabaltzeko gastua arrazoitu eta aurretik hartutako erabakia urratu zela
2019ko Corpus Christiaren prozesioan Alde Zaharreko kaleetan belarrak eta petaloak barreiatzearen zenbatekoa Udalak ordaindu izana legez kanpoko ekintza izan zen, ez baitzuen txostenik, ez baitzegoen justifikatuta eta aurreko urteetan baztertu zen jarduera bat baitzen. Hala dio Nafarroako Administrazio Auzitegian EH Bilduk aurkeztu duen errekurtsoak. Izan ere, Udalak berak egindako txostenek adierazten dute erabat deusezak direla bai prozesio horren kontratua eta faktura, bai eta gerora Udalak "legez kontrako" ekintza hori justifikatzeko abian jarri nahi izan zuen baliozkotze-espedientea. "Ez da onargarria alkateak eta bere alderdiak diru publikoa nahierara erabiltzea, Elizaren ekitaldi pribatuen fakturak ordaintzeko, justifikaziorik gabe eta zerbitzu teknikoek argudiatutakoaren aurka", azaldu du koalizio subiranistak.
Halaber, Proiektu Estrategikoetako zinegotziak arazo legalik ez zegolea esan zuen arren, Udaletxeko Zerbitzu Jurdikioen zuzendariak (izendapen askeko kartua) egindako txostenak aitortzen du kaleak petaloz estaltzeko ordainketa txosten teknikorik gabe egin zela, ez zela Artzapezpikutzarekin hitzarmenik egin, eta faktura eta kreditu-erreserbaren ordainketa baliozkotzeko "administrazio-egintza" egiterik badagoela. "Hau da, berariaz aitortzen da belar eta petaloak ezartzeko ordainketa arau-hauste administratiboa izan zela", adierazi du. Txosten juridiko horrek berak legez kontrako akats horiek baliozkotzea aholkatu zuen, eta halaxe egin zen 2020ko martxoaren 12an. Hala ere, orain aurkezten dugun errekurtso honetan ohartarazten dugu legezkotasun-akatsak askoz larriagoak direla eta ezin direla gerora legeztatu.
"Ekitaldi hau guztion diruarekin ordaintzea oso larria da, baina are larriagoa da gerora justifikatu eta normalizatu nahi izatea ilegaltasun argia dena. Alkatea da ilegaltasun horren erantzulea, bere erabakia izan baitzen", adierazi du EH Bilduk. "Alkateak ezagutzen zuen Udalak jardunbide horri 2016an amaiera emateko egin zuen aurrekaria", dio errekurtsoak, eta, hala eta guztiz ere, aurrekonturik eta txostenik gabe ordainketa egitea agindu zuen, "Udalak hirian gertatzen diren gauzak ordaintzen dituela" argudiatuz. "Badirudi Udalak alkateari pertsonalki garrantzitsuak iruditzen zaizkion gauzak edo alkatearen lori politikorako egindakoak soilik ordaintzen dituela", salatu du helegiteak.
"Zalantzarik gabe ekintza arbitrario baten aurrean gaude, arau juridikorik jarraitzen ez duena eta diru publikoaren erabilera arautzen duten prozesu legalak mespretxatzen dituena”.