Albisteak

2022-10-11

EH Bilduk martxan jarri du Tutera eta Eguesibarko alkategaiak aukeratzeko prozesua

EH Bilduk martxan jarri du Tutera eta Eguesibarko alkategaiak aukeratzeko prozesua NAFARROA

“Balioan” jarri du Tuterako hautagaitzarako prozesua abian jarri izana, “EH Bilduk lehengo aldiz emango baitu hiri honetan aurkezteko urratsa”

EH Bildu Nafarroak aurrera jarraitzen du hurrengo hauteskundeetarako hautagaiak aukeratzeko prozesuarekin eta, oraingoan, Nafarroako bigarren eta hirugarren hirigune Tutera eta Eguesibarko alkategaiak aukeratu eta izendatzeko txanda abiatu du.

Eguesibarko EH Bilduko herri batzarrak pasa den urriaren 6an erabaki zuen prozesua martxan jartzea eta Tuterako herri batzarrak gauza bera egin zuen urriaren 10ean. EH Bilduk “balioan” jarri du Tuterako hautagaitzarako prozesua abian jarri izana, “EH Bilduk lehengo aldiz emango baitu hiri honetan aurkezteko urratsa”. “Balio politiko handia duen pausoa” dela nabarmendu du.

EH Bilduk jakinarazi duenez, Eguesibar eta Tuterako hautagaiak aurkezteko epea urriaren 17tik 30ra bitartean iraunen du. “Hautagai bakarra baldin badago, bozketa epea azaroaren 3tik 5era bitartean izanen da irekita. Hautagai bat baino gehiago baldin badago, azaroaren 2tik 16ra bitartean eztabaida irekiak antolatuko dira eta bozketa epea azaroaren 17tik 19ra izanen da irekita”, zehaztu du.

Eguesibar eta Tuterako alkategaiak aukeratzeko prozesuak jarraipena ematen dio pasa den maiatzean Iruñeko alkategaia, Joseba Asiron, eta Nafarroako presidentegaia, Laura Aznal, izendatu zituen berariaz antolatutako hautaketa prozesuari. Modu berean, datozen hilabeteetan beste herrietako alkategaiak aukeratzeko prozesuak abiatuko dira.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a