Albisteak

2024-11-11

EH Bilduk LGS propioa lortzeko akordio politikoa egiteko deia egin du

EH Bilduk LGS propioa lortzeko akordio politikoa egiteko deia egin du NAFARROA

Unai Sordo eta Pepe Alvarez CCOOko eta UGTko buruzagiei Euskal Herriko ezaugarri sozioekonomikoekin bat datorren LGS bat ezartzeko beharra helarazi die EH Bilduk, eta sindikatuek aurkeztutako lanaldi-murrizketaren proposamenaren alde agertu da.

Unai Sordo eta Pepe Alvarez CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiekin bildu da EH Bildu, gaur arratsaldean, alderdiaren Donostiako egoitzan. Bilera bi sindikatuak eragile politikoekin egiten ari diren bilera-sortaren barruan kokatzen da, lanaldi-murrizketaren proposamenerako babesa lortzeko. EH Bildu ados dago proposamen horrekin, eta hala adierazi diete CCOO eta UGT sindikatuetako buruei Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Miren Zabaleta Nafarroako koordinatzaileak eta Nerea Kortajarena Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak.

Ildo horretan, EH Bilduk gogorarazi du Nafarroako Parlamentuak Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak lanaldia asteko 37,5 ordura murrizteko egindako proposamena babestu berri duela. EH Bildu proposamen horren alde agertu zen, zehaztuz eraldaketa orokorrago baten baitan hartu beharreko neurria beharko lukeela. Dena dela, lanaldia murrizteko edozein proposamen gure herriko baldintza eta ezaugarri soziolaboraletara egokituta egin behar dela uste du.

Baina lanaldiaren murrizketaz gain, EH Bilduk Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako LGS propioa ezartzeko beharra ekarri du gaurko bilerara. EH Bilduk argi dauka euskal esparru sozio-laboralean eragina duen edozein neurrik, hala nola lanaldia murriztea edo lanbide arteko gutxieneko soldata propioa ezartzea, herri honetako espezifikotasun sozioekonomikoak kontuan hartu behar dituela. Ildo horretan, bi gaiak Madrilen Estatuko esparru batean hitz egiten ari direla adierazi du, euskal sozio-ekonomiaren ezaugarriak eta berezitasunak kontuan hartu gabe; horren ondorioz, Madrilen lortutako akordioak Hego Euskal Herrian jada ezartzen diren neurriak baino murritzagoak izatea gerta daiteke. CCOO eta UGT sindikatuetako buruzagiekin izandako bileran subiranotasun gehiago izatea defendatu du EH Bilduk, gizarte eta lan arloan atzerapausoak saihesteko.

Indar subiranistak beharrezkotzat jotzen du gure ezaugarri sozioekonomikoekin bat datorren LGS propio bat ezartzea, eta uste du nafar gobernuak baldintzak sortu beharko lituzkeela lanbide arteko akordio bat posible izan dadin. Horrek, gutxieneko erreferentzia bat bermatuko lukeelako.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a