Albisteak

2020-10-30

EH Bilduk Labriteko Pasabidearen kostua berehala erreklamatzea eta diru horrekin berri bat eraikitzea eskatu du. Nafarroako Administrazio Auzitegiak eskuineko hirukoaren estrategia "legez kanpokoa" dela esan ondoren

EH Bilduk Labriteko Pasabidearen kostua berehala erreklamatzea eta diru horrekin berri bat eraikitzea eskatu du.  Nafarroako Administrazio Auzitegiak eskuineko hirukoaren estrategia "legez kanpokoa" dela esan ondoren IRUÑEA

“Mayaren kudeaketa, gai honetan ere, oso traketsa da eta enpresa pribatu eta aseguratzaileen interesei egiten die men, herritarren interesei baino", salatu du koalizioak

 

Iruñeko Udaleko EH Bildu taldeak eskatu du Labriteko Pasabideko diseinatzaile eta eraikitzaileei obraren kostuaren 813.000 euroak erreklamatzea ahalik eta azkarren. Izan ere, Nafarroako Administrazio Auzitegiak legez kanpokotzat jo du eskuineko hirukoak Ingeniarien Elkargoari hatzez emandako kontratua, pasabidearen egiturari buruzko entsegu-lanak egiteko. "Ebazpenak dioenez, kontratua lizitaziora atera behar zen eta salbuespenezkoa ez zen prozedura batera deitu behar zen, eta horrek esan nahi du kontratazio hori legez kanpokoa izan zela, ez zuelako errespetatu Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean ezarritako prozedura", azaldu du koalizioak.

"Esan genuen Mayaren kudeaketa, baita gai honetan ere, oso traketsa izan dela, eta enpresa pribatuen eta aseguru-etxeen interesei erantzuten diela herritarren interesei baino. Ebazpen horren ondoren, premiazkoa da erantzukizunak garbitzeko espedientea betetzea, udal honi zor zaion dirua bildu eta pasabide berri bat eraiki ahal izateko", azaldu du EH Bilduk. "Aski da gai hau politizatzeaz, Navarra Sumako jaun andreei arduraz jokatzeko eskatzen diegu", adierazi du alderdi subiranistak. Gogoratu behar da aurreko legegintzaldian erantzukizunak garbitzeko espediente bat izapidetu zela. Espediente horretan, Udaleko teknikariek ondorioztatu zuten egitura aurri-egoeran zegoela, arduradunak diseinatzaileak eta eraikitzaileak zirela eta eraikuntzaren zenbateko osoa (813.000 euro) zuzenean eskatu behar zitzaiela. "Ulertezina da Mayak espedientea bertan behera uztea, eta ulertezina da, gobernura sartu eta 16 hilabetera, gai hau geldirik jarraitzea", esan du EH Bilduk.

Kontratu ilegala

Gaur ezagutu den ebazpenaren arabera, espedientea oso traketsa izan zen, "lizitaziorik gabe, zuzeneko kontratazioaren egokitasuna defendatzen du baina espedientean ez da balizko arrazoirik ematen kontratazio mota hori justifikatzeko. Hau da, inork ez du baieztatzen Ingeniarien Elkargoko Nafarroako Atala denik lan hori egin dezakeen enpresa edo profesional bakarra ", azaldu du koalizioak irizpena aipatuz. "Hori horrela izanik, guztiz irregularra izango litzateke esleipendun berari konponketa proiektu bat enkargatzea, legez kanpoko lizitazio batean oinarrituta, Enrique Maya alkateak egin nahi duen bezala", esan du EH Bilduk.

"Ebazpen honekin kontratu hau bertan beher geratu da, Ingeniarien Elkargoaren txostenak ez du baliorik eta haiera puntura itzuli gara", azaldu du koalizioak: "Bidean 62.000 euro galdu ditugu eskuineko hirukoak egindako hanka sartzeagatik, hau da, aldaketaren gobernuak erantzukizunak garbitzeko egindako espedientea mespretxatzeagatik". "Hasierako puntura itzuli beharko genuke, eta kaltea, erantzuleak eta kalte-ordainaren zenbatekoa zehaztu zituen erantzukizun-espediente horretan oinarrituta, lehiaketa bat deitu beharko litzateke pasabide berri baterako proiektuak aurkez daitezen", eskatu du EH Bilduk. "16 hilabete galdu ditugu Mayaren hanka sartze berri honekin. Ez dezagun denbora gehiago gal ", gaineratu du.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a