EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak Nafarroako Gobernuari zuzendutako galdera bat erregistratu du, Iruñeko Lezkairu auzoko familia baten etxegabetzea saihesteko Gobernuak zerbait egin duen edota egiteko asmorik duen jakiteko. Etxegabetze hori azaroaren 21erako aurreikusi zen, baina azkenean azaroaren 25era atzeratu zen Hipoteka Kaltetuen Plataformako kideen protestari esker. Patricia Perales parlamentariak adierazi duenez, "pozten gara etxegabetzea bertan behera gelditu delako, baina lau eguneko atzerapena baino ez da, eta horrek ez dio erantzuten familiak kalean geratzeko duen arriskuari, eta Gobernuari dagokio horrelako egoerak konpontzea".
Horrela, Peralesek zalantzan jarri du Nafarroako Gobernuaren bitartekaritza lana, "badirudi sustatzailearekin akordio batera iristea ezinezkoa izan dela esatera mugatu dela". Ildo horretatik, Peralesek "Gobernuak horren inguruan duen erantzukizuna" azpimarratu du, eta exijitu du "Gobernuak etxegabetzeari irtenbide bat edo etxe alternatiba bat eman diezaiola bost seme-alaba dituen familiari, horietako lau adingabeak, lehenbailehen".