Albisteak

2020-10-12

EH Bilduk Irunberriko ondarea defendatzeko eskatu du

EH Bilduk Irunberriko ondarea defendatzeko eskatu du NAFARROA

· Irunberriko bi ermita eta eliza 2000an eta 2003an immatrikulatuak izan ziren. Udalak, immatrikulazioak lehengoratzen saiatzetik urrun, 48.808,32 euroko inbertsioa egin du elizako atrioa zaharberritzeko, EH Bilduk obra ez egiteko egindako eskaerak ukatuz. · EH Bilduk mozio bat aurkeztu du gune horien udal titulartasuna berreskuratzeko izapideak hasteko, baina Agrupación Independiente de Lumbier taldearen ezezko botoek atzera bota dute.

2000. urtean Artzapezpikutzak Irunberriko San Bartolome eta Trinitatearen ermitak inmatrikulatu zituen, eta 2003an Jasokundearen Eliza. Udalak une hartan zuen pasibotasuna ikusita, Irunberriko bizilagunek historikoki eurenak izan ziren ondasun batzuk galdu zituzten.

 

Ordutik, Irunberriko Udalak ez du inolako izapiderik egin immatrikulazio horiek itzultzeko. Are gehiago, 2020. urtean, gobernu taldeak gutxienez 48.808,32 euroko inbertsioa egitea sustatu du (BEZik gabe) elizaren sarrera eta atrioa eraberritzeko. Inbertsio horrek, Irunberriko herriarena ez den elizaren ate, arku eta sarbideetan jardutea ekarri du.

 

2020ko aurrekontuak onartu zirenetik, EH Bildu Irunberrik hainbat aldiz eskatu dio gobernu taldeari (Agrupación Independiente de Lumbier) obra hori ez egiteko eta herritar guztien dirurik ez inbertitzeko immatrikulatutako gune batean. Hala ere, gobernu taldeak ez ditu aintzat hartu eskaera horiek, eta obra dagoeneko eginda dago.

 

Mozioa, baztertua

 

Irailean, EH Bildu Irunberrik udal ondarea defendatzeko mozioa aurkeztu zuen. Mozio horretan, Jasokundeko Elizaren eta San Bartolome eta Trinitatearen ermiten udal titulartasuna aitortzeko eta berreskuratzeko beharrezko izapideak hastea proposatzen zen.

 

Era berean, eskatzen zuen udalak eremu horiek birgaitzeko emandako laguntza orok baldintza bat izatea: Artzapezpikutzaren titulartasuna Irunberriko Udalari itzultzea. Horrela, ondasun horiek birgaitzeko edo eraberritzeko diru publikoa erabili ahal izateko, udal ondarera itzuli beharko lirateke. Horrez gain, Irunberriko Udala Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformari atxikitzea proposatzen zen.

 

Mozioa urriaren 8ko ohiko osoko bilkuran bozkatu zen, eta Agrupación Independiente de Lumbier taldearen aurkako 5 botoekin baztertu zen.

 

EH Bildu Irunberrik elizaren eta aipatutako bi ermiten immatrikulazioa itzultzeko tramiteak hastearen alde egin du, udal ondarearen parte izan daitezen berriz ere, inoiz ez baitzuten ondare horretatik atera behar.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a