Halaber, koalizioak Berdintasunerako diru-laguntzak mantentzea eta duela hilabete Presidenzia Batzordean onartu zen udal langileentzako telelanaren plana aurkeztea defendatuko du
Iruñeko Udaleko EH Bilduren taldeak bihar eskatuko dio Hezkuntza Sailari, Herritarren Aferetako Batzordean aurkeztutako adierazpen proposamen baten bidez, Iruñeko ikastetxe publiko bakoitzari zirkular bat bidaltzeko, "ikastetxe barneko eta kanpoaldeko esparruak pandemiaren ondorioz sortutako segurtasun neurrietara egokitzeko dauden beharrak eta sor daitezkeenak" antzemate aldera. Eskaera horrek bat egiten du koalizio subiranistaren eskaerarekin, hots, eskuineko hirukoak eskola publikoetan inbertitzeko plan bat idaztea, ikastetxe bakoitzak 2020/2021 ikasturteari begira dituen beharren arabera.
"Toki erakundeek Nafar Gobernuak eskuordetutako eskumenak ditugu eskola publikoen mantentze, garbiketa eta atezaintza arloetan. Gure erantzukizuna da eskola publikoen azpiegiturak egoera onean mantentzeko udal aurrekontuak bermatzea eta urtero eskoletarako diru partidak egongo direla bermatzea", dio koalizioak. Datorren ikasturteari begira, EH Bilduren ustez lehentasuna azpiegiturak "pandemiaren ondorioetara" egokitzea da. "Ziurrenik, inbertsioak egin beharko dira barne eta kanpo espazioak distantzia-arau berrietara egokitzeko”. Koalizio subiranistaren proposamena da "hurrengo IFSen" eztabaidan edo "beste administrazio batzuetatik datozen diru sarreekin egingo diren aurrekontu moldaketetan" eskoletarako inbertsio plan bat aurreikustea.
Bestalde, EH Bilduk beste proposamen bat aurkeztu du Herritarren Aferetarako Batzordean "berdintasunera bideratutako diru-laguntzen zenbatekoari eusteko” eskaerarekin. Zehazki, Berdintasun arloari eskatuko dio Emakumearen Kontseiluan Diru Laguntzen Plan Orokorra lehenbailehen aurkezteko, COVID-19ak sortutako egoerari egokitutako diru-laguntza ildoak azalduz eta 2020ko uztailaren 3a baino lehen NAOn (Nafarroako Aldizkari Ofizialean) argitaratzeko konpromisoa hartuz". Proposamen honen helburua da pandemiaren ondorioz egon den geldialdi administratiboak ez ditzala arriskuan jarri elkarte-sare feminista eta berdintasunaren alde lan egiten duten kolektiboak. "Gure ustez beharrezkoa da diru-laguntzen zenbatekoari eustea eta, nolanahi ere, irizpideak egokitzea, elkarteek eta kolektiboek biziraun dezaten eta hirian kontzientzia hartzeko, sentsibilizatzeko eta mobilizazio feminista sustatzeko funtsezkoa den lana egiten jarrai dezaten", argudiatu du koalizioak.
Azkenik, Lehendakaritzako batzordeari dagokionez, EH Bilduk Udal Langileei zuzendutako Telelanerako Plana datorren astean aurkeztea eskatuko du, maiatzaren 12an Batzordeak hartutako erabakiari jarraiki. Helburua plana ezagutu eta udal taldeen artean eztabaidatzea da, udal-sindikatuekin osatutako Negoziazio Kolektiboko Mahaira eramateko gero.