EH Bilduren 10. urteurrenaren harira, ‘Hamar Urte Baino Ez’ izeneko dokumentala aurkeztera hurbildu da gaur EH Bildu Nafarroako Unibertsitate Publikora. Bertan izan dira Bakartxo Ruiz Nafarroako parlamentari eta bozeramailea eta Bel Pozueta Kongresuko diputatua, “gazteekin eta ikasleekin batera egungo eta etorkizuneko erronka eta hausnarketak elkarrekin partekatzeko helburuarekin". Bakartxo Ruizen esanetan, “gaur 10 urte, jende abertzale eta ezkertiar anitzak elkartu egin ginen Euskal Herriak ezagutu duen tresna politikorik eraginkorrena sortzeko: Euskal Herria Bildu. Orduan argi genuen, etorkizuneko apustua zela EH Bildu, eta Nafarroan ibilbide itzela egin dugu: eskuinari aurre egiteko; ustelkeriak salatzeko; aldaketa eragiteko; iparretik hegora, bestelako kudeaketa ereduak garatu eta abiatzeko; pertsonak, pertsona guztien eskubideak, erdigunean jartzeko; politika feministak eta ekologistak sustatzeko”. Nafarroako bozeramaileak adierazi duenez, “lan horretan, bide horretan, aurrera jarraitzen dugu EH Bildutik, gazteriarekin batera, ikasleekin batera, ongi baino hobeki ezagutzen dituztelako gaur egungo ereduaren eta sistemaren mugak. Lan arloan, etxebizitza politiketan, hezkuntza eredu propioa garatzerakoan. Eredu berrietara aurrera egiteko unea da, pandemia garai hauetan argi ikusi den bezala, eta gazteak, unibertsitatea, eraldaketarako motoreak dira. EH Bildutik argi dugu: gazteen arazo eta behar espezifikoei erantzuteko ordua da, kriminalizazioak alboratuz”. Bel Pozuetak, bere aldetik, azpimarratu du EH Bildu, hamar urte geroago, “determinatea” dela. “Esan dezakegu dezakegu, ez bakarrik gure herrietako udaletan, ez bakarrik Nafarroan, baizik eta Madrilen ere determinanteak garela, Nafarron eskubideak, Nafarron burujabetza eta justizia soziala defendatzeko orduan”. Halaber, Pozuetaren iritziz, “Nafarroatik erakutsi dugulako desberdinen arteko akordioa posiblea dela, aldaketa lortzea posiblea dela. Nafarroatik lortu dugu eskuinari aurre egitea. Eta EH Bildutik eskuin muturrari eta faxismoari aurre egiten jarraituko dugu eremu guztietan”.