EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin alderdiek hiruko gobernua arautuko duen programa sinatu dute gaur. Hau ziurrenik hilaren 28ko zentsura-mozioaren bozketaren ostean gauzatuko da Iruñean. Lehentasunezko 60 proiektuz edo ekintzaz osatutako programa da sinaturikoa eta 8 zinegotzi delegatuek garatu beharko dituzte. Alkatetzarekin batera, Udalaren organigrama zatituko da.
“Egun garrantzitsua da, historikoa, etorkizuneko garai berri baten hasiera markatzen baitu gure hiriarentzat, eta garai horretan bizikidetza, desberdintasunekiko errespetua eta gure aniztasunaren balioa nabarmentzea eta azpimarratzea ezinbesteko zutabeak izango dira”, nabarmendu du Joseba Asironek. Nahiz eta PSNk programa ez sinatu Iruñeko alkategaiak azpimarratu nahi izan du alderdi sozialistak azaldu duen konpromezua eta azpimarratu du horrek ahalbideratu duela akordioa. Zentzu horretan, eskerrak eman eman die esanez, “elkarrekin, gure hiriaren historian orrialde handiak idazteko gai izango garela”.
Asmo handiko programa soziala: etxebizitza, bizikidetza eta zaintza
Gobernu-programak, sarrera batekin batera, lau ardatzetan banatzen diren 60 neurrien zerrenda ditu. Lehenik eta behin, “Berdintasuna, bizikidetza, aniztasuna eta zaintza” zutabeak, beste proiektu batzuen artean (18 guztira), honako hauek biltzen ditu: I. Bizikidetza Plana, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan; auzo-gatazkak kudeatzeko bulegoa (Udaltzaingoaren baitan); Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako IV. Plana; Hizkuntza Normalizatzeko Plana; Kultura Aniztasunari eta Herritartasun Inklusiboari buruzko Plan Integrala garatzea; eta Iruñeko Zainketen Mahaia sortzea.
Bai Nafar gobernuarekin bai iruñerriko udalerriekin lankidetzan, kale-gorria egoeran dauden pertsona guztientzako arreta guneak bermatzea eta espazio publikoaren erabilera demokratikorako ordenantza bat egitea dira atal honetan sartzen diren beste bi mugarri.
Bigarren zutabeak “etxebizitza soziala, kultura-ekipamenduak eta kalitatezko espazio publikoa” du izena eta guztira 11 neurri biltzen ditu. Besteak beste, honako hauek azpimarratu beharko lirateke: Etxebizitza Plana (babes ofizialeko, alokairu sozialeko, larrialdiko, gazteen emantzipaziorako, familia kalteberen edo kolaboratiboen etxebizitzak landu, sustatu eta bultzatuko dituena); Birgaitze Ordenantza berria; Sarasate pasealekuaren diseinu eta berrurbanizazio berria; Sanduzelaiko biribilgunerako ideien lehiaketa; Euskal Pilotaren Museoa, edo alternatiba baten diseinua, herritarren parte-hartzearekin, “Caídos” eraikin osorako eta Askatasunaren Plazarako, Nafarroako Gobernuarekin eta Memoria Historikoaren elkarteekin lankidetzan.
Auzoak hiriaren birnaturalizazioa lehenesten duen agenda baten erdigunean
Hirugarren zutabeak 16 proiektu biltzen ditu, eta “trantsizio energetikoa, mugikortasun iraunkorra eta hiriaren birnaturalizazioa” du izena. Horren barruan hainbat ekimen daude, hala nola Pio XII korridore iraunkorra osatzea, Ibai-Plana garatzea, Aranzadiko Ekoparkearen bigarren fasea, Plastikoaren Ordenantza, kontratazio-bulego arduratsu bat irekitzea, Mugikortasun Plan Integrala, hirian 25.000 zuhaitz berri landatzea eta balorazio-txostena onartu eta aplikatzeko konpromezua, errenta txikienei egindako ekarpenaren % 90erainoko hobaria eman ahal izateko.
Laugarren zutabeak 15 ekintza jasotzen ditu, “Auzoen Plana” izenburupean. Horien artean, Erripagañaren etorkizunerako “konponbide argia eta eraginkorra” lortzeko konpromezua nabarmendu du, beste hiru udalekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera egingo dena. Marcelo Celayeta etorbidearen diseinu berria, Irunlarrea kalearen bizkortzea, Auzo Kontseiluak sortzea eta Santa Ana plazako birmoldaketa ere zutabe honetan daude. Honetaz gain, beste neurri garrantzitsuenetako batzuk honako hauek dira: II. Zabalguneko Civivox sarea handitzea, Guelbenzu zinema zaharra birgaitzea, Salesianaseko Civivox eta Txantreako zentro komunitario gisa birgaitzea, Nicasio Landa ikastetxearen zati bat Etxabakoitzeko behin-behineko civivox gisa birgaitzea eta auzoetako liburutegien instalazioak hobetzea, Rotxapea eta Milagrosatik hasita.
Zortzi zinegotzi delegatu eta bi berezi
Etorkizuneko gobernuaren osaerari dagokionez, hiru alderdiek adostu duten egituran, alkatetzaz gain, eskuordetutako 8 zinegotzi daude. Horietatik sei EH Bilduko zinegotziek beteko dituzte, eta Geroa Baik eta Contigo-Zurekin alderdiek zinegotzi bana izango dute.
EH Bilduren izenean, Ogasunaren, Giza Baliabideen eta Kontratazio Arduratsuaren buru Garbiñe Bueno izango da; Gobernu Estrategikoaren, Hirigintzaren, Etxebizitzaren eta Agenda 2030en zinegotzigoan, Joxe Abaurrea; Kultura, Jaiak eta Hezkuntza zinegotzian, Maider Beloki; Endika Alonso Herritarren Segurtasun eta Bizikidetzaren buru izango da; Hiri Bizigarri eta Jasangarriaren arloan, Borja Izagirre eta Berdintasuna, Ekintza Komunitarioa eta Auzoak Zaloa Basabe izango da. Geroa Bairen izenean, Koldo Martinezek Ekonomia Sustapena, Berrikuntza, Europear Proiekzioa, Garapenerako Lankidetza eta Gazteria arloak zuzenduko ditu, eta Contigo-Zurekin taldeko Txema Mauleonek Gizarte Ekintza kudeatuko du.
Zinegotzi delegatu horiez gain, organigramak bi zinegotzi berezi izango ditu: EH Bilduko Aitziber Campion (Kultura, Jaiak eta Hezkuntzaren menpekoa den Parte-Hartzea eta Euskera) eta Geroa Baiko Mikel Armendariz (Berrikuntza Europear Proiekzioa eta Garapenerako Lankidetza).
Legegintzaldiko akordioa bermatzeko bost konpromezu
Gobernu-akordioak hirugarren atal bat jasotzen du, hiru aldeek beren funtzionamendu egokia bermatzeko hartutako konpromezuetan oinarritua. Atal horrek bost konpromezu ditu: Lehenik eta behin, “akordioa mandatu osorako izango dela eta gobernu-taldea solidarioa eta elkarlanekoa izango dela onartzea”. Bigarrenik, hiru alderdiek honako konpromezu hau ere hartu dute: “Akordio programatikoan jasotako gai guztiak indar aurrerakoi guztien adostasunez garatuko dira”. Hirugarrenak dio “Akordio honetan agertzen ez diren ekintzak ere sartu ahal izango direla besteek duten adostasun-maila bera lortzen duten bitartean”.
Laugarren eta azken konpromezuak zera dio: “Garrantzizko proiektuetan hiri-akordioa lortzeko helburuarekin Udal-talde guztiei gonbidatuko zaie”. Azkenik, talde sinatzaileek “akordio honen Jarraipen-Batzorde bat” sortuko dute, hiru hilabetean behin elkartzeko, edo eta premiazko egoera bat egongo balitz, alkateak edo udal-talderen batek eskatuta, ere biltzeko”.