EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilari Mikel Irujoren premiazko agerraldia eskatu du, Sodena enpresa publikoak CEN Nafarroako Enpresarien Elkargoarekin 2020ko maiatzean maskarak erosteko erdietsitako akordioaren inguruan “beharrezko azalpenak” eman ditzan.
Alderdi politikoak ohar batean gogorarazi duenez, “EH Bilduk iaz eskatu zion Comptos Ganberari pandemiaren kudeaketari buruzko txostena egiteko, Nafarroako Parlamentuan 2021eko maiatzean aurkeztu zena”. “Garai hartan dagoeneko beharrezkoa zen gardentasuna, balantze autokritikoa eta kontu-ematea”, azpimarratu du.
EH Bilduk defendatu duenez, “pandemiak eragindako egoera berezia kontuan izanda ere, kontrol publikoa eta funts publikoen erabilera ona bermatu egin behar da beti”. “Nafarroako Parlamentuak kontratuak larrialdi-prozeduraren bidez egiteko aukerari oniritzia eman izana ez daiteke aitzakia izan behar den informazio eta dokumentazio guztia ez edukitzeko”, nabarmendu du.
Txosten horren aurkezpenean, talde parlamentarioaren bozeramaile Bakartxo Ruizek adierazi zuenez, “txostena zehatzagoa izan behar zen eta onartezina zen pandemia hasi eta urtebetera oraindik ez jakin ahal izatea zenbat kontratu sinatu ziren”. Gogoratu behar da Comptos Ganberaren txostenean 70,48 milioi euroko gastua jasotzen zela pandemiaren lehen olatuan egindako kontratuekin lotuta, baina une hartan 96 kontratu baino ez zeudela argitaratuta Tranparentzia Atarian, soilik 14,88 milioiko gastua suposatzen zutenak, zenbateko osoaren %21.
Horregatik, eta azken informazioak ikusita, EH Bildu Nafarroak “Foru Gobernuaren gardentasun beharra” berresten du. Hala, “beharrezkotzat” jotzen du Exekutiboak “behar diren azalpenak ematea”; izan ere, “argi dago kontrol-mekanismoek ez dutela behar den denboran eta moduan funtzionatu, eta beharrezkoa da autokritika egitea eta funts publikoen erabilerari buruzko erantzukizunak hartzea”.
Era berean, EH Bilduk gogorarazi du akordioa Nafarroako Enpresarien Elkargoarekin adostu zela, “egun inolako erantzukizunik hartu ez duena”.
Horregatik guztiagatik, Irujo kontseilariaren agerraldiaz gain, EH Bilduk “erosketa-prozesuaren espediente osoa” eta “Sodenako Administrazio Kontseiluaren akten kopiak, akordioari buruzko xehetasunak jasotzen dituztenak” ere eskatu ditu.