EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak gutun bat bidali dio Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilari Mikel Irujori, Parlamentuan erregistratutako informazio-eskaerei edota galderei Departamentuaren “erantzunik eza” dela eta, talde parlamentarioak etengabe egin behar izaten dituen errepikapenengatik “kezka eta haserrea” azaltzeko.
EH Bilduk ohar batean azaldu duenez, “Departamentu horri aurkeztutako galdera eta informazio-eskaeren azterketa egin ondoren, erantzun-epea 57,32 eguneko batez bestekoa izan da; izan ere, behin eta berriz errepikatu ondoren (hiru aldiz ere), 100 egunetik gorako epean erantzun dute eta, kasuren batean, 200 egunekoan ere bai”. Nafarroako Parlamentuaren araudiak ezarritako legezko epea 20 egunekoa delarik, “erabilitako epeak legeak ezarritakoak baino askoz luzeagoak dira”, kritikatu du EH Bilduk.
Halaber, EH Bilduren ustez, “informazio asko, berandu ez ezik, modu murriztuan ere bidaltzen da”. “Horixe da SODENAk sinatutako akordioei buruzko informazio-eskaeraren kasua; izan ere, Departamentuaren erantzun ezaren aurrean informazioa hiru aldiz eskatu ondoren, jaso dugun informazioa ez da ez gardena, ez egokia, ez erabilgarria talde parlamentario gisa gure funtzioak betetzeko, are gehiago enpresa publiko bati buruzko informazioa izanik”, gaitzetsi du.
Ildo horretan, alderdi politikoak gogorarazi du Nafarroako Parlamentuko zerbitzu juridikoek “beste batzuetan ere eman izan dutela euren iritzia parlamentariek informazioa eskuratzeko duten eskubideari buruz”, eta aipatu du “gure talde parlamentarioak arrazoi horrengatik beragatik eskatutako txostena”, 2014ko ekainaren 10ean egindakoa.
Horregatik, Irujo kontseilariari bidalitako gutunean, EH Bilduk “informazio osoa eta murrizketarik gabea” eskatu du. Era berean, talde parlamentarioaren etorkizuneko ekimenen erantzunak “ezarritako legezko epeetara egokitzeko” eskatu du.