Albisteak

2023-04-14

EH Bilduk frankismoaren biktimak gogoratu ditu Sartagudan burututako ekitaldi batean

EH Bilduk frankismoaren biktimak gogoratu ditu Sartagudan burututako ekitaldi batean NAFARROA

Aznalek deitoratu egin du “Estatuak hiltzaileak saritzen jarraitzea”, eta elkartasuna adierazi dio Mikel Zabalzaren familiari

Ostiral honetan, apirilaren 14arekin, Espainiako II. Errepublikaren ospakizuna dela eta, EH Bilduk omenaldia egin die frankismoak Nafarroan eragindako biktimei. Ekitaldia Sartagudan izan da, eta bertan hitza hartu dute Laura Aznal Nafarroako Gobernurako presidentegaiak eta Paolo Albanese Sartagudako alkate ohi eta hurrengo udal- hauteskundeetarako alkategaiak.

Bere hitzartzean, Aznalek kritikatu du “Nafarroako bizilagun askok frankismoaren izenean jasandako fusilamendu eta torturak modu antolatu eta orokortuan egindako praktikak izan zirela, inoiz argitu ez direnak”. “Aitzitik, Estatuak hiltzaileak eta torturatzaileak saritzen eta berresten dituela ikusten jarraitzen dugu”, adierazi du Mikel Zabalzaren hilketan parte hartu zuen guardia zibilak duela gutxi izan duen igoerari buruz. Horrela, Zabaltzaren familiari, Mikel Zabalza Gogoan plataformari eta Nafarroako Pertsona Torturatuen Sareari “babesa eta elkartasuna” helarazi nahi izan die Aznalek. Halaber, gogorarazi du EH Bilduren Kongresuko taldeak dagoeneko eskatu duela horri buruzko informazioa, eta, Marlaska barne-ministroaren agerraldi-eskaera ere erregistratu duela, “azalpenak eman ditzan”.

Ildo horretatik, presidentegaiak berretsi egin du “EH Bilduren konpromiso sendoa memoriarekin”. “Horren erakusgarri dira Estatuko Gobernuarekin nahiz foru-gobernuarekin berriki adostu ditugun neurriak, memoria inklusibo eta demokratikoari lehentasuna emanez”, adierazi du. Hala, Aznalek Memoria Demokratikoaren Legeari egindako ekarpenak gogora ekarri ditu; horien artean, 3 milioi euroko partida nabarmentzekoa da, Ezkaba oroimen-lekua deklaratzeko, bai eta Nafarroako Aurrekontuetan jasotako partida ere, ekitaldia burutu den Memoriaren Parkea bera hobetzeko eta mantentzeko.

Era berean, Aznalek defendatu duenez, “EH Bildutik lanean jarraituko dugu biktima guztien egia, aitortza eta erreparazioaren alde, funtsezkoa baita pertsona guztien arteko bizikidetza eraikitzeko. Aske eta berdinen Euskal Errepublika baten alde lanean jarraituko dugu”.

Sartagudako Alkatetzarako hautagaiak, bere aldetik, 36. urtean eraildako bizilagunak gogoan izan ditu, “lurra eta askatasuna ukatzen zizkien eta miserian bizitzera behartzen zituen bidegabekeria bati aurre egiteagatik erail zituztenak”. “Gure herriko eta inguruko herritar asko erailda izatera eraman zituzten aldarrikapenak berak dira gure egungo politikak gidatzen jarraitzen duten aldarrikapenak, nahi dugun Sartaguda eraikitzeko helburu dutenak”, adierazi du Albanesek.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a