Sozialistek berretsi dute ez direla gobernu taldera sartuko, eta programak zentsura-mozioa ahalbidetu zuen itunarekin bat egiten duela
EH Bilduk eta PSNk bilera egin dute gaur arratsaldean Iruñeko Udalean, Geroa Bairekin eta Contigo-Zurekin koalizioarekin gobernu programa bat sinatzeko eta hura garatuko duen lantaldea osatzeko izandako negoziazioen nondik norakoak azaltzeko eta aztertzeko. Bileran, PSNk udal gobernu horretan ez sartzeko erabakia berretsi du, eta bi taldeek negoziazioen edukia joan den asteazkenean zentsura-mozioa aurkeztea ahalbidetu zuen akordio bateratura mugatzen dela egiaztatu dute.
Talde subiranistaren ordezkaritzaren buru Joseba Asiron Udaleko bozeramaile eta alkategaia izan da, eta ordezkaritza sozialistaren buru Marina Curiel PSNk Iruñeko Udalean duen bozeramailea izan da. Hitzordua 16:00etan izan da, Iruñeko Udaleko Batzordeen Aretoan. Bi ordezkaritzek egiaztatu dute Iruñean aldaketa ahalbidetuko duen azterketa bat datorrela, eta UPNren gobernuak hiriari eragiten ari zaizkion blokeoari eta paralisiari buruzko diagnostiko partekatu batean oinarritzen dela.
Halaber, zentsura-mozioa bultzatu zuen aldebiko akordioaren oinarri diren hiru ardatzak nabarmendu dituzte: Iruñea "oroimena, justizia eta erreparazioa" egiten lagunduko duten ekimenak bultzatzeko konpromisoa; hiria hobetzeko lehentasunak, besteak beste, etxebizitza soziala, Sarasate pasealekuaren berrurbanizazioa, Pio XII.ko korridore iraunkorra edo Erripagañarako behin betiko konponbidea osatzea eta, azkenik, beste biak posible egiteko mekanismoak. Horrek esan nahi du 2024rako Aurrekontuak ahalik eta lasterren izateko lan egin behar dela, Nafarroako Gobernuarekin lankidetza sustatu behar dela eta konpromezuen Jarraipen-Batzorde bat sortu behar dela.
Joseba Asironek oso positibotzat jo du bilera; izan ere, "hiri hau paralisitik ateratzeko lan egiteko eta gure ahalegin guztia hori lehenbailehen egiteko eta kontakizun komun baten bidean jartzeko elkarrekiko konpromezua egiaztatzen dugu: Iruñeak elkarbizitzaren erreferente izan behar du". Alkategaiak PSNren konbikzioa eta konpromezua eskertu du, eta "Iruñearentzat eta bere errealitate konplexu eta pluralarentzat, zalantzarik gabe, onuragarria izango den garai berri bat irekitzeko borondatea".