Unzué hautagai bikain gisa definitzen dute, baina berretsi dute azken aukeraketa herritarrek egin behar dutela eta alkateak ez duela inposatu behar
EH Bildu eta Geroa Bai haserre agertu dira gaur Bozeramaileen Batzordearen aurrean Enrique Maya alkateak Sanferminetako Txupinazoaren jaurtitzaileari inposatu dion erabakiagatik, herritarrek botoa emateko sistema ezabatuz. Duela hamar egun eskas, Osoko Bilkuraren gehiengoa ordezkatzen dugunok 2016az geroztik funtzionatu duen hautaketa-sistema errespetatzeko eskatu genion, une oro herritarrek prozesuan parte hartzea bermatzeko helburuarekin. Tamalgarria da, beste behin ere, alkateak gehiengoaren agindua alde batera uztea eta bere prerrogatibak erabiltzea bere irizpidea inposatzeko, hiri honetan erabakiak hartzeko orduan herritarren eta asoziazionismoaren inplikazio handiagoa sustatu nahi zuen ekimen baten gainetik.
EH Bilduk eta Geroa Baik Juan Carlos Unzue goraipatu dute Txupinazoa jaurtitzeko hautagai bikain gisa; izan ere, bizi-ibilbide bikaina duen pertsona da, kausa laudagarria, bizitzaren eta gaixotasunaren aurrean duen jarrera eredu da guztiontzat, eta horretaz ez dago zalantzarik. Alabaina, hautagai-zerrenda baten egokitasunak ezin du eztabaidaren funtsa lausotu, hau da, hautapen-sistema, autoritarismoa eta alkatearen aldebakartasuna erabakiak hartzerakoan eta, sistematikoki, Udal honetako gehiengoa ordezkatzen dutenen mandatuari entzungor egitean.
Bi alderdiek berretsi egin dute herri-bozketa bidezko hautaketa babesten dutela; izan ere, sistema hori, beste edozein bezala, hobetu daitekeena izanik, funtsezko alderdi bat bermatzen du, herritarren parte-hartzearena, hain zuzen ere. Era berean, hilaren 15ean onartutako adierazpenean proposatutako puntu bakarrera igortzen dira. Bertan, eztabaidatzen ez den bitartean eta udal talde guztiekin adostasuna lortzen den bitartean egungo sistema mantentzea eskatzen zen. Era berean, berretsi dute, alkatearen eskumena izan arren, txupinazoa botako duen pertsona aukeratzeko aukera herritarrei kentzeak aurrez aurre talka egiten duela Partaidetzarako Udal Araudian jasotakoarekin. Taldeek gaineratzen dute erregelamenduak hitzez hitz aipatzen duela erregelamendu honetan jasotako xedapenek bermatu, sustatu eta erraztu nahi dutela herritarrek parte hartzeko duten oinarrizko eskubidea