Albisteak

2020-06-08

EH Bilduk eskatu du "hitza, errespetua eta adeitasuna" izatea Iruñeko Udaleko eztabaiden abiapuntua, eta nortasun politikoen "kriminalizazioa" baztertu eta aniztasuna “aberasgarritasun” gisa defendatzea

EH Bilduk eskatu du "hitza, errespetua eta adeitasuna" izatea Iruñeko Udaleko eztabaiden abiapuntua, eta nortasun politikoen "kriminalizazioa" baztertu eta aniztasuna “aberasgarritasun” gisa defendatzea IRUÑEA

"Aurkari politikoen zilegitasun demokratikoa ukatzeak tentsio soziala areagotzen du, eta horrek ondorio larriak ditu bizikidetzan", gogoratu du adierazpenaren testuak

 

Iruñeko Udaleko EH Bilduren taldeak adierazpen proposamen bat aurkeztu du, eta dei egin du Iruñeko Udalean "hitza, errespetua eta adeitasuna" izan daitezen "eztabaida politikoaren abiapuntua, Estatuko hainbat eremu politikotan azken asteotan ikusitako deskalifikazio eta indarkeriaren aurrean". Halaber, bihar Presidentzia Batzordean eztabaidatuko den adierazpenean eskatu du Udalak "gure hiriko ikuspegi politiko ezberdinen aniztasuna eta aberasgarritasuna" defenda ditzala. Azkenik, adierazpen proposamenak esaten du, "nortasun politiko ezberdinen kriminalizaziorako deiek elkarbizitza baketsurako arrisku nabarmena dakartela eta eztabaida politikotik baztertu beharko liratekela".

Adierazpenaren testuak azaltzen du aurten "tentsio politikoa areagotzen ari dela nazioarte mailan, estatuan, gure erkidegoan eta gure hirian, eta tentsio horrek bizikidetza baketsua, pluraltasun politikoa eta gure gizartearen aniztasunarekiko errespetua kaltetzen dituela". "Aurten, pentsamendu-korronte desberdinak antidemokratikotzat hartzen dituzten mozio ezberdinak onartu dira, gure biztanleriaren sektore erraldoiei gorroto-krimenen egiletza egotziz", salatzen du testuak eta, adibide gisa, ezker abertzalea genozidioaren erruduna dela dioten ebazpen instituzionalak edo komunismoa nazismoarekin parekatzen duten mozioak aipatzen ditu. "Gure elkarbizitzarako arriskutsuk dira ekimen hauek, izan ere, Giza Eskubideak errespetatzen eta defendatzen dituzten zenbait ikuspegi politikoei zilegitasun demokratikoa errefusatzea dute helburu”.

Orokorrean ezkertiar independentistak diren edo neoliberalismoaz bestelako botere-harremanak defendatzen dituzten pertsonei gorroto eta terrorismo-krimenen egiletza egotzi nahi izatea oso kaltegarria da", ohartarazi du testuak, eta Isabel Díaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak "Katalunia, Euskadi, Nafarroa eta Valentziaren" aurka egindako adierazpenak jarri ditu adibide gisa. "Hitzezko indarkeriak eta aurkari politikoen zilegitasun demokratikoa ukatzeak zuzeneko eragina dute tentsio sozialean, eta horrek ondorio larriak ditu bizikidetzan", gaineratu du.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a