Albisteak

2026-06-04

EH Bilduk Erripagaña Iruñan integratzea eta Burlata, Uharte eta Eguesibarrerako konpentsazio sistema bat gaitzea proposatu du

EH Bilduk Erripagaña Iruñan integratzea eta Burlata, Uharte eta Eguesibarrerako konpentsazio sistema bat gaitzea proposatu du NAFARROA

EH Bilduk dokumentu hau eramango du lau udaletan eztabaidatzeko, eta aurten bertan egiteke dauden zuzkidurak bultzatzeko ibilbide-orri bat planteatzen du

EH Bilduk bi zutabetan oinarritzen du Erripagañaren etorkizunerako proposamena: lehenik, azalera osoa Iruñeko auzo gisa eratzea eta bere gain hartzea zerbitzu-multzoaren ardura guztiak; bigarrenik, beste hiru udalerrientzat (Burlata, Uharte eta Eguesibar) konpentsazio-sistema bat gaitzea, “udal bakoitzak bere kontu publikoetan hasieran izan dezakeen eragina murriztuko duena”. 

Bi zutabe horiek lau udalek partekatutako konpromiso bikoitzarekin osatuko lirateke: alde batetik, aurten bertan abiatzea auzoarekin konprometitutako kirol eta kultur azpiegiturez hornitzeko lanak; eta, bestetik, lortutako akordioak herritarren parte-hartzearen eta kontsultaren xede izango direla onartzea.

EH Bilduk Erripagañaren etorkizunaren inguruko proposamen hau gaur aurkeztu dute Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Alfredo Arruiz Uharteko alkateak, Berta Arizcun Burlatako alkateak eta Ainara Gonzalez Eguesibarreko EH Bilduren bozeramaileak. Azaldu dutenez, 15 puntu dituen dokumentua “garrantzi honetako erabaki batek dituen mota guztietako inplikazioei buruz egindako hausnarketa sakon baten emaitza da, beti ere inplikatutako herritar guztien ongizatea bilatuz eta udalerrien bideragarritasuna bermatuz”.

Dokumentua “arlo juridikoan eta finantzarioan eta baita sozialean ere denboran zehar egindako balorazio iraunkor baten emaitza da”. Ondorioa argia da: “EH Bilduk ulertzen du Erripagañaren etorkizunerako irtenbiderik bideragarriena dela eremu hori guztia Iruñeko auzo berri gisa eratzea eta, hala, kudeaketa-gune bakar eta homogeneo gisa eratu ahal izatea”.

EH Bilduren ustez, “erabaki horren osagarri izan behar da gainerako udalek jaso lezaketen konpentsazio ekonomikoa, irtenbide honek haien kontuen finantza-etorkizunean izango lukeen inpaktuan oinarrituta”. 

EH Bilduk, “berehala”, lau udaletan lan-mahai bana sortzea planteatu du, egon daitezkeen ekarpenak inkorporatzeko. Proposamena “lan-esparru” gisa aurkezten da, malgutasunez eztabaidatu eta “ahalik eta adostasun handienarekin akordio batera iristea bilatuz”. Udal bakoitzean lortzen den akordioaren garapena bateratu egin beharko da, akordio globala itxi eta, une horretan, Nafarroako Gobernuaren laguntza beharko da udal-muga berrien eskaera izapidetzeko, Erripagaña Iruñean erabat integratzen has dadin”.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a