Albisteak

2025-10-09

EH Bilduk ekarpenak egin ditu Nafarroako Bizikidetza Plan berria indartzeko

EH Bilduk ekarpenak egin ditu Nafarroako Bizikidetza Plan berria indartzeko NAFARROA

EH Bilduk hainbat ekarpen egin dizkio Nafarroako II. Bizikidetza Planari (2025-2029); izan ere, hura aztertu eta gabeziak zein desorekak antzeman ondoren, uste du “hobetzeko arloak” daudela kulturartekotasunari eta memoriari dagokienez.
Lehenik eta behin, alderdi subiranistak uste du kulturartekotasunari ez zaiola behar bezala heltzen, “helburu estrategiko bakarra baitu, nahiz eta gure egungo gizarteen eraldaketa-faktore nagusia izan”. “Kulturen arteko bizikidetza tokiko erakundeetatik landu behar da bereziki, eta funtsezkoa da Nafarroako Gobernutik laguntza jasotzea. Gainera, diskriminazioaren lanketak globala izan behar du, aporofobia, desgaitasunagatiko diskriminazioa eta LGTBIQ+fobia ere kontuan hartuta”, defendatu du. EH Bilduk nabarmendu du, halaber, testuak ez duela planteatzen inolako helbururik aniztasun-faktore garrantzitsuenetako bati lotuta: dibertsitate funtzionalari edo desgaitasunarenari.
Era berean, alderdi subiranistak uste du planak “anbizio handiagoa” izan behar duela hizkuntza-bizikidetzaren esparruan, “hizkuntza-errealitate ezberdinak kohesionatzeko lanean jarraitzeko”. Genero ikuspegidun ikuspegiari dagokionez, “gizarte feministago bat eraikitzeko daukagun erronkan gehiago sakontzeko beharra” azpimarratu du, horretarako beharrezkoa izanik genero ikuspegian eta planean horrek duen intersekzionalitatean sakontzea”. Hala, zenbait aldaketa egitea proposatu du, baita gabezia horiek konpontzen lagunduko duten helburu estrategiko eta espezifikoak sartzea ere.
Bestetik, EH Bilduk azaleratu du “onartezintzat” jotzen duen “biktimen hierarkizazioa” planteatzen duela planak. “Espainiako Estatuko indarkeria politikoa guztiz bestelako trataera izan du gertaeren egiletzaren arabera, eta plan honen helburuetako bat, hain zuzen ere, asimetria hori gainditzea izan behar da, nazioarteko estandarrak integratuz: egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak motibazio politikoko biktima nafar guztientzat”. Hala ere, plan honek “hierarkizazio horretan sakontzen du eta terrorismoaren beste biktimekiko diskriminazioa suposatzen du”. Gainera, “planean bertan jasotako ideiaren kontra egiten du, biktima guztiek aitortuak izatea merezi dutela dioena, parekatze eta atzerapenik gabe”.
Ildo horretan, EH Bildu bat egiten du Nafarroan Bizikidetzarako Plan Estrategiko bat egitearen beharrarekin, “datozen urteetan bizikidetzaren arloan landu behar ditugun erronka handiei aurre egiteko tresna baliagarri gisa”. Azken hamarkadan, Nafarroak eraldaketa sozial handiak jasan ditu, eta horrek isla izan du gatazken kopuruan bai eta horien konplexutasunean ere izandako gorakadan. Egoera berri horren aurrean, “behar eta konpromiso berriak sortzen dira, eta erantzun berriak behar dira, pertsona guztientzako eskubide guztiak ziurtatzeko konponbide egokia bermatzeko”, defendatu du.

 

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a