AUKERA-TESTUINGURUA
Aldaketa eta krisi globalen azelerazioak ezaugarritutako mundu batean bizi gara. Eskualdeen arteko desberdintasunak areagotzen ari dira. Gure gizarteetan ere desberdintasun sozialen arteko arrakala handitzen ari da. Lehia bizia da, berdintasuna ala desberdintasunen artekoa. Testuinguru horretan, demokraziaren eta autoritarismoaren arteko aldeak Europako eta Estatuko testuinguru politikoa markatzen du. Testuinguru historiko horretara Nafarroako erresuma zaharra izan zena autogobernu eta subiranotasun asmo berrituekin iritsi da.
Nafarroako Parlamentuak Autogobernuari buruzko Ponentzia ireki berri du, Foru Hobekuntzaren eguneraketari buruz hausnartzeko. Batzorde txostengile honen irekiera gertatzen da Estatuan legegintzaldi berri baten hasieraren testuinguruan. Izan ere, Legegintzaldi horretan, nazio aniztasuna aitortzea eta Estatuko nazioen asmoei irtenbide politiko eta demokratikoak bilatzea izango baitira eztabaidagai nagusiak.
Hori dela eta, EH Bilduk uste du Legebiltzarrean irekitako hausnarketa eztabaida zabalago batean kokatzen dela, bai Estatu mailan garatu beharrekoan zein gainerako euskal lurraldeetan autogobernuari buruz gerta litezkeen hausnarketa eta eztabaidei dagokienez.
Ikuspegi global horretatik, EH Bilduk uste du aukera historiko baten aurrean gaudela Nafarroarentzat demokrazia, ongizate eta subiranotasun handiagoa lortzeko. Berdintasuna, justizia soziala eta ongizatea nahi duten eragile eta pertsona guztiei deia egiten digu aukera horrek, demokrazian aurrera egin eta Nafarroako jendearentzat subiranotasun handiagoa lortzeko. Bizi garen gizartea hobetzeko anbiziotik abiatuta, desberdinen arteko akordioak lortzeko aukera da.
EH Bilduk Foru Hobekuntzari buruzko eztabaida politiko, parlamentario eta sozialari heltzeko oinarri edo printzipioak aurkezten ditu dokumentu honetan.
EH BILDUREN OINARRIAK EDO PRINTZIPIOAK FORU HOBEKUNTZARI BURUZKO EZTABAIDARI EKITEKO
1.- Erronka berriak. Soluzio berriak. Akordio berriak. Nafarroa, mugarik gabe. Eztabaida honek anbizioa eskatzen du. Nafarroaren aldeko anbizioa. Eztabaida honek gizarte gisa ditugun garaiko erronkei heltzea eskatzen du. Esate baterako, iraultza teknologikoa, lanaren eta aberastasunaren banaketa, klima- -aldaketa eta trantsizio energetikoa, eta zerbitzu publikoak eta zaintzak.
2.- Foru Hobekuntzaren eguneraketari buruzko eztabaida Nafarroako eskubide historikoen eguneraketari buruzko eztabaida da; XXI. mendeko foraltasunari buruzkoa. Nafarroaren eskubide historikoak eguneratzeko, Nafarroa erabakitzeko subjektu politiko gisa aitortu behar da, bai Estatuarekiko, bai eta gainerako euskal lurraldeekiko harremanari dagokionean. EH Bilduk konpromisoa agertzen du Nafarroa nafarrek erabakiko dutena izango dela defendatzeko.
3.- Nafarroako gizarteak ziurtasunak behar ditu etorkizunari aurre egiteko zalantzaz betetako testuinguru global honetan. Beti ere justizia soziala, berdintasuna eta aniztasunaren kudeaketa demokratikoa oinarri hartuta. EH Bilduren ustez, autogobernua zenbat eta handiagoa izan, orduan eta ongizate handiagoa eta demokrazia sendoagoa eraikitzeko aukera gehiago.
Burujabetza berreskuratu nahi dugu eta autogobernuaren gaitasun guztiak garatzearen aldeko apustua egiten dugu; horren alde lan egiten dugu egunez egun eta horretan jarraituko dugu. Era berean, uste dugu eztabaida honek aukera eskaintzen digula urratsak egiten jarraitzeko gizartearen ongizatearen, kalitate demokratiko handiagoaren eta egungo gizarte-erronkekin lotutako eskubide berrien onarpenaren helburuetan.
4.- Nafarroako sentimendu nazional, sinboliko eta linguistikoen aniztasuna gure gizartearen dibertsitatearen adierazpenak dira. Aniztasun hori aitortu egin beharko litzateke, elkarbizitzan aurrera egitea ahalbidetuz. Zentzu horretan, gure ustez, euskara Nafarroako lurralde osoan aitortu behar da nafar guztion ondare gisa.
5.- Akordio politikoak eta akordio sozialak txanpon beraren bi aldeak dira. Nafarroako oinarrizko arauari buruzko akordio politikoak herritarrei kontsultatu beharko litzaizkieke eta horretarako mekanismoak ezarri.
6.- Nafarroa errealitate instituzional eta politiko propio gisa aldarrikatzen dugu. Era berean, gainerako euskal lurraldeekin komunitate historiko eta kultural nazional baten parte dela aldarrikatzen dugu. Horregatik uste dugu, nafarren borondatearen muga bakarrarekin, Euskal Herri osoko lurraldeen eta jendearen arteko lankidetza-mekanismoak garatu beharko liratekeela.
7.- Nafarroaren autogobernua garatzeko eta bermatzeko aldebikotasun erreal eta eraginkor baten aldeko apustua egiten dugu. Estatuak Nafarroari dagozkion eskumenen gauzatzea halabeharrezko errespetua, autogobernua bermatzeko aldebiko mekanismoak sortzea eta foru-baimena eguneratzea.
8.- Bizi dugun aldaketa sakonen testuinguru globalean, Nafarroak Europan eta munduan duen lekua aldarrikatzen dugu, ahots propioa duen subjektu politiko gisa.
9.- Ikuspegi orokor batetik, uste dugu Foru Hobekuntzari buruzko eztabaidan hiru mailako akordio politiko eta sozialak ezarri beharko liratekeela.
a) Akordio politiko, parlamentario eta sozialaren lehen eta funtsezko maila Nafarroan lortu beharko litzatekeena da.
b) Bigarren akordioa, Nafarroak Estatuarekin lortu beharko lukeena da.
c) Hirugarren akordio maila litzateke, Nafarroak, bere nortasun juridiko eta politiko propioaren baieztapenetik, gainerako euskal lurraldeekin lor lezakeena.
10.- Ondorioz, Nafarroaren etorkizunerako Nafarroako Parlamentuan irekitako eztabaida inportantzia handiko eztabaida dela uste dugu. Hortaz, EH Bilduk konpromisoa hartzen du beti jendearen interesak lehenesteko eta, exijentziatik eta anbiziotik abiatuta, gure lurrarentzat ongizate, demokrazia eta subiranotasun handiagoa lortzea ahalbidetu dezaketen akordioak erdieste aldera lan egiteko.