EH Bilduk Burlatako Udalerako bere hautagaitza osoa aurkeztu du, hautagai gisa errepikatzen duen Berta Arizkun buru duena. Ekitaldia ostiralean izan da, 19:30ean, Burlatako Kultur Etxean, eta bertan Arizkunek bai eta EH Bilduren Nafarroako presidentegai Laura Aznalek ere hartu dute parte. Burlatako hauteskunde zerrenda osatzen duten pertsonez gain, alderdiaren beste hautetsi batzuk eta hamarnaka bilkide egon dira.
Arizkunek, bere hitzartzearen hasieran, eskerrak eman dizkie “Burlatan EH Bilduren proiektuan parte hartu duten guztiei, egindako lan, erakutsitako konpromiso eta emandako laguntza handiagatik”. “Hainbat hilabete daramagu gure programan lanean, dauzkagun erronkei, bai eta eskuinak azken lau urteotan eragin duen atzerakada eta gelditasunari ere aurre egiteko”, adierazi du. Era berean, honako hau ere defendatu du: “Burlatako EH Bilduren talde osoa ziur gaude egungo egoera aldatzeko beharraz, eta Burlatari merezi duen kolorea itzultzeko konpromiso irmoa dugu”.
Bestalde, Laura Aznalek “EH Bilduk Burlatan azken urteotan egindako lan handia” nabarmendu du eta ziur agertu da “lan horrek guztiak bere uzta ekarriko duela”. Hala, defendatu duenez, “oposiziotik ere jarraitu duzue lanean, jendearen eskutik, beste eredu baten alde”. Ildo horretatik, Aznalek irmoki adierazi duenez, “argi ikusten da zein den Burlatako aldaketarako aukera: EH Bildu”. Horregatik, “ziur nago maiatzean hazten jarraituko dugula”, nabarmendu du.