EH Bilduk bere hautagaitza osoa aurkeztu du Zizur Nagusiko Udalerako, Ander Loyola zerrendaburu duena. Ekitaldia larunbat honetan burutu da, 12:30ean, Zizurko Kultur Etxean, eta bertan alkategaiak eta EH Bilduren Nafarroako presidentegai Laura Aznalek hartu dute hitza. Zizurko hauteskunde zerrenda osatzen duten pertsonez gain, alderdiaren beste hautetsi batzuk eta hamarnaka bilkide egon dira.
Zizurko zerrendaburuak bere hitzartzeari hasiera eman dio zerrenda osatzen duten pertsonen “balioa” azpimarratuz. “Guztiok gara herriarekin konprometitutako pertsonak, eta prest gaude egunerokoan lan egiteko Zizur bizitzeko leku hobea izan dadin”, adierazi du. Loyolak nabarmendu duenez, “konpromisoa, giza kalitatea, garuna, bihotza eta irmotasuna dira zerrenda honetako pertsona guztiek partekatzen ditugun funtsezko elementuak”. Era berean, defendatu duenez, “badakigu herri baten konfiantza ez dela promesen bidez lortzen, baizik eta ekintzen, konponbideen eta errealitateen bidez, eta dagoeneko lanean ari gara norabide horretan”.
Bestalde, Laura Aznalek nabarmendu egin du “gazteek gure herriekin eta biztanleekin duten konpromisoa”. “Ander Loyola horren adibide garbia da”, defendatu du. Hala, Nafarroako presidente izateko hautagaia ziur agertu da “maiatzean haize freskoa sartuko dela Zizurko Udalean”. “EH Bilduren hautagaitzak haize freskoa ekarriko du ilusioz eta ideia berrituekin, eta hori oso beharrezkoa da udal honetan. Inertziak alde batera utzi eta beste era batera gobernatzen hasi behar da, jendearen laguntzarekin, eta EH Bildu da horretarako berme bakarra”, adierazi du.