EH Bilduk Tuterako Udalerako bere hauteskunde-zerrenda aurkeztu du ostiral honetan, Rua Gizarte Etxeko patioan egindako ekitaldi batean. Bertan, alderdiaren Nafarroako presidentegai Laura Aznal eta Tuterako alkategai Edurne León-ek parte hartu dute.
Zerrenda osatzen duten pertsonen “balioa eta gaitasuna” nabarmentzen hasi du bere hitzartzea León-ek, “hiri hau aldatzera gatozela” esan du. Hala, adierazi duenez, “ziur gaude giltza garela eskuina alkatetzatik botatzeko, baina ez hori bakarrik, giltzarria ere bagara Tuterak ezkerrera biratzeko, herritarrak erdian jarriko dituzten politika eraldatzaileak egin daitezen eta gizarteak aurrean dituen erronkei aurre egiteko presta gaitezen”. Ildo horretatik, León-ek defendatu duenez, “proiektua dugu, taldea dugu, ilusio handia dugu eta elkarrekin aldaketa lortuko dugu”.
Ildo beretik, EH Bilduko Nafarroako presidentegaia sinetsita agertu da hauteskunde hauetan “jauzi garrantzitsua egingo dugula Tuteran eta Erriberan”. “Hainbat udaletan egiten dugun bezala, jendearekin batera lan egiteko gogo guztiarekin aurkezten gara. Edurneren gaztetasunaren indarrarekin eta hainbeste jenderen babesarekin. Inposatu nahi dizkiguten bi Nafarroen ideiaren aurrean ez dugulako etsiko”, nabarmendu du.
Era berean, EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin pentsioen inguruan lortutako azken akordioaren harira, Aznalek bere hitzaldian adierazi duen bezala, “berriro erakutsi dugu EH Bildu berme dela eskubideetan aurrera egiteko eta eskuineko politikei aurre egiteko, gauden tokian gaudelarik”. “Tuteran ere egin nahi dugu, Toqueroren politika sektarioen aurrean”, adierazi du.