Asteazken honetan EH Bilduren talde parlamentarioa Foru Gobernuko ordezkariekin bildu da eta fiskalitate mahai baten sorrera gauzatu dute. Lantalde hori Ekonomia eta Ogasun Departamentak bultzatu du, Gobernua osatzen duten talde parlamentarioetako ordezkariekin eta EH Bildu Nafarroarekin batera.
Alderdi subiranistak ohar batean azaldu duenez, “mahai honen helburua da Nafarroako zerga sistemaren figura fiskaletan hainbat erreforma aztertzea eta proposatzea, baita Nafarroako ehunka mutualisten erreklamazioek planteatutako arazoari konponbide bat emateko lan egitea ere”. “Halaber, zerga-kargak murriztuz 1.080 euroko gutxieneko pentsioak lortzera bideratutako balizko arau-aldaketak aztertuko dira”, gaineratu du.
Ildo horretan, fiskalitate mahaia sortzearen “garrantzia” azpimarratu du EH Bilduk. “Urrats garrantzitsua da eta, gainera, EH Bilduk Nafarroako Gobernuarekin urte honetarako lortu zuen aurrekontuen akordioan jasotako puntuetako bat betetzen da”.
Hala, EH Bildutik defendatu dute espero dutela “Nafarroan zerga sistema justuago, progresiboago eta bidezkoago batean aurrera egiteko abiapuntu gisa” balio izatea.