EH Bilduk, Iruñeko Udalean duen udal taldearen bitartez, adierazpen bat defendatuko du bihar Presidentzia Batzordean, eskuineko hirukoak aurreko legealdian hasitako Eskola Bide seguruen programan benetan parte har dezan eskatzeko, eta hiri osora zabaltzeko. Zehazki, honako hau eskatzen zaio egungo gobernu-taldeari: "Ikastetxeetako hezkuntza-komunitateekin elkarlanean eta Mugikortasuneko eta Herritarren Segurtasuneko arloen artean koordinatuta, jarduera-eremuak, inbertsioaren zenbatekoa eta gauzatzeko epeak jasoko dituen plan bat landu dadila, ikastetxe guztiek hurrengo urteetan ibilbide seguruak izan ditzaten".
Koalizio subiranistaren iritziz, eskatutako plana, aurreko legealdian Monjardin kalearen eta Iturrama auzoaren inguruko bide seguruak sortu zituena, dagoeneko planifikatutako beste ekimen edo proiektu batzuekin koordinatu beharko litzateke, Joseba Asiron buru izan zuen aldaketaren gobernuak aurrekontuetan hornitu zituenekin, besteak beste, "Doctor Juaristiren korridore jasangarria Sanduzelaien, Txantrean Poliki-Maria Auxiliadora, Milagrosa-Arrosadian girotzeko proiektua edo beste plangintza batzuekin, hala nola Txirrindularitza Planarekin "
"Gaur aurkezten dugun adierazpena aurreko legegintzaldian bide-segurtasunari eta ikastetxeei dagokienez hartu genuen konpromisoaren emaitza da, eta, bestetik, egungo gobernu-taldeak azaldu diguna eskasa eta pobrea iruditzen zaigu, baldin eta benetan nahi badugu haurrek ibilbide seguruak izatea etxetik ikastetxera joateko", azaldu du koalizioak. "Eskolako bideak apustu sozial eta hezitzailea dira, eta bertan parte hartu behar dute irakasleek, gurasoek, inguruko bizilagunek, merkatariek eta udaltzainek. Ibilbide horiekin mugikortasun iraunkorraren alde egiten da, kutsadura gutxitzen da eta gazteenen artean istripu-tasa murrizten da. Baina, gainera, haurren autonomia, osasuna eta garapena sustatzen dira". EH Bilduren idazkiaren arabera, "Eskuineko hirukoak Bide Segurtasuneko Planari buruz egin zuen azalpenean ez zen berariaz aipatzen" eskola-bide seguruen programa hori.