Alderdi politikoak, Nafarroako Gobernuari eskatutako informazioari emandako erantzuna ikusita, berretsi egin du Gobernuak “berandu, gaizki eta baliabiderik gabe erantzun duela aurreikusiak ez zituen kutsatze eta ospitaleratze-zifren aurrean”.
Horrela, EH Bilduren esanetan, “aurreikuspen eta plangintza-eza eta baliabide-urritasuna izan dira bosgarren olatu honetako Gobernuaren ildo orokorra”. “Arakatze-sistema eta zeregin horretan diharduten langileak gainezka egon dira astez, eta uztailaren erdialdean aparteko 500 ordu egitera iritsi dira aste bakar batean, Osasun Departamentuak berak emandako datuen arabera”, gaitzetsi du. “Arakatze lanetan dabiltzan langileak saturatzea erabaki da, euren lanorduen kopurua nabarmen handituz, langile gehiago kontratatu ordez”, eta hori EH Bildurentzat “nekez uler daiteke egoera honetan”.
Era berean, EH Bilduren ustez, beharrezkoa da herritarrei “mezu argiak” helaraztea; izan ere, azaldu duenez, “jarduera-protokoloak jarraibide argirik eman gabe aldatzen ari dira eta horrek erabateko ziurgabetasuna sortzen du kudeaketan”. Jarduteko modu hori “ulertezina eta larria” da EH Bildurentzat.
Hala, EH Bilduren ustez, “ezinbestekoa eta premiazkoa” da Nafarroako Gobernuko presidenteak, María Chivitek, eta Osasun kontseilariak, Santos Indurainek, azalpenak ematea COVID-19 olatuaren Nafarroako kudeaketari buruz.
Horregatik, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak ahozko galdera bat erregistratu du presidenteari zuzenduta, iraileko lehen osoko bilkuran erantzun dezan. Galderak “uda honetan zehar egindako osasun-kudeaketaren balorazioa eta, bereziki, Lehen Arretari esleitutako funtzionamenduari eta baliabideei bai eta positiboen eta kontaktu estuen jarraipena ere egiteari dagokionez” eskatzen du.
Halaber, talde parlamentarioak Osasun kontseilariaren agerraldia eskatu du, “alarma egoera amaitu ondoren eta uda hasieran, COVID19 bosgarren olatuaren kutsadura-gehikuntzari erantzuteko eta kontrolatzeko arakatze-kontingenteak erakutsi dituen akatsei buruz” informatzeko.