Albisteak

2020-09-29

EH Bilduk Armadaren etorbidea eta Baiona etorbidean dagoen bizikleta-erreiaren puntu beltzen auditoria eskatu du, eta auzokoekin parte-hartze prozesu bat egitea

EH Bilduk Armadaren etorbidea eta Baiona etorbidean dagoen bizikleta-erreiaren puntu beltzen auditoria eskatu du, eta auzokoekin parte-hartze prozesu bat egitea IRUĂ‘EA

Koalizioaren ustez egungo ibilbidea "behin-behinekotzat" jo behar da, ez baititu betetzen 2018an onartutako Ziklabilitate Planeko parametro eta gomendioak

 

Iruñeko Udaleko EH Bildu taldeak Hirigintza Batzordera aurkeztuko duen adierazpenean eskuineko hirukoari eskatu dio puntu beltzen auditoria egiteko, Armadaren etorbidea-Baiona etorbidea bidegorriaren trazaduran. Adierazpenak zazpi puntu beltz zehazten ditu ibilbide horretan (ikus eranskina), eta arrazoizko konponbideak eskatzen ditu haientzat, "baita, Armada etorbidearen kasuan, bidegorria etorbidearen alde segurura eraman izanaren balorazioa ere".

Era berean, koalizio abertzaleak bizikleta-errei horren egungo ezarpena eta Yanguas eta Mirandatik igarotzea "behin behinekotzat” jotzea eta definitiboki urbanizatzeko orduan Ziklabilitate Planean aurreikusitako ildoak jarraitu ditzala eskatu du. Hirugarren puntu batek Baiona etorbideko merkatariekin eta bizilagunekin parte hartze prozesu bat irekitzea eskatzen du, "kexak eta kezkak helarazi ahal izateko".

Koalizioak argi eta garbi galdetzen dio eskuineko hirukoari zergatik aukeratu duen bizikleta-errei horren trazaduran norabide biko bidegorriaren eredua, Ziklabilitate Planean aurreikusitako norabide bakarreko bidegorriaren ordez. Hala egin bada, "behin-behineko ezarpena" izan beharko litzatekeela uste du koalizioak, eta "behin betiko urbanizazio-prozesu bat egin beharko litzatekela horretarako gaitasun ekonomikoa dagoenean". "Baina, bi norabideko behin-behineko formatu honetan ere, ezagutu ditugunak baino askoz ere irtenbide hobeak daude", esan du EH Bilduk, eta gogorarazi du "Armada etorbideko lau puntu beltzak" saihestu egin zitezkeela "bidegurutze bakar bat ere ez dagoen" kontrako espaloian egin izan balitz.

Halaber, bidegorrien diseinuari eta kokapenari buruz, koalizio subiranistak "parte hartze eta argitasun faltaren" inguruko kexa zabalaren berri eman du, eta defendatu du premiazkoa dela zehaztea "jarduteko modu koherentea, homogeneoa alderdi komunetan eta intuitiboa interpretazioan". Hartara, Ziklabilitate Plana hirigintza taktikoko jarduera guztietarako diseinu komun bat lortzeko tresna izan behar da, EH Bilduren ustez. "Tresna hori jada existitzen da, baina udal gobernu honek zokoratzea erabaki du, aurreko agintaldiko lanei dagozkiolako", esan du EH Bilduk.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a