Albisteak

2020-10-15

EH Bilduk Ana Elizaldek bonu komertzialen kanpainan izan duen gardentasun eta gaitasun eza salatu ditu, eta egindako akatsak zuzendu eta kanpaina berri bat egitea eskatu dio

EH Bilduk Ana Elizaldek bonu komertzialen kanpainan izan duen gardentasun eta gaitasun eza salatu ditu, eta egindako akatsak zuzendu eta kanpaina berri bat egitea eskatu dio IRUĂ‘EA

Gobernu-taldeari eskatzen dio martxan jar dezala sistema bat auzo-foroak egingo direla bermatzeko, Covidaren bilakaerak behartutako segurtasun-neurriak errespetatuz

 

Iruñeko Udaleko EH Bildu taldeak adierazpen proposamen bat aurkeztuko du datorren astearteko Presidentzia Batzordean, honakoa eskatzeko: Ana Elizalde buru duen Merkataritza eta Turismo Sailak zuzendu eta konpondu ditzala Covid krisiaren testuinguruan merkataritza-sektoreari laguntzeko abian jarritako "merkataritza-bonuen kanpainan egindako akatsak". Halaber, adierazpenean koalizio subiranistak bigarren kanpaina bat "berehala" martxan jartzea eskatu dio eskuineko hirukoari, oraingo honetan egindako akatsak zuzenduz: tramitazio geldoa (bost hilabete EH Bilduk ekimena proposatu zuenetik), kanpainaren iraupen eskasa  (40 egun) eta online salmenta lehenestea, aurrez aurrekoa izan beharrean.

"Ulertezina da pandemia testuinguru berean Estatuko dozenaka hiritan eta Nafarroako hainbat herritan arrakastatsua izan den ekimen honek nola ez duen funtzionatu Iruñean", dio adierazpenak. "Udalaren kudeaketa kaxkarraren errua baino ezin da izan, merkatariek eta erabiltzaileek hala adierazi dute", gaineratu du. "Oposizioko alderdiok ideia on bat proposatu genuen, hori gauzatzeko behar zen inbertsioa erraztu genuen, merkatarien elkarteekin adostasuna lortu genuen. Ekimena arrakastatsua izateko aldeko faktore horiek guztiak izan arren, Udal arloak gardentasun falta, ekimen eza eta aurreikuspen eza erakutsi ditu. Are larriagoa dena, ez ditu egindako akatsak garaiz eta forman zuzentzeko grinik izan, sektorearentzat hain beharrezkoa den kanpaina salbatzeko inolako asmorik ez zuten", hausnartu du koalizio subiranistak. Izan ere, testuak gogorarazten duenez, oposizioak kanpainako datuak hainbat aldiz eskatu zituen kanpainaren garapena aztertu eta hala bazegokion akatsak zuzentzeko,  baina "urriaren 13an bidalitako prentsa-ohar baten bidez jaso genuen informazioa".

Gauzak horrela, adierazpen-proposamenak  honakoa ere proposatzen du: "Merkataritza eta Turismo arloaren iluntasuna eta oposizioari informazioa ukatu diola" salatzea, eta ez soilik merkataritza-bonuen kanpainari dagokionez, baita merkatal lokalak Covidaren krisian ezarritako segurtasun-neurrietara egokitzeko diru-laguntzen kanpainari dagokionez ere. Azkenik, proposamenean "Merkataritza eta Turismo Saileko zinegotzi delegatuak bonuen kanpaina kudeatzeko erakutsi duen ezintasuna" kritikatzen da.

Auzo foroak bai, edukiera mugatua eta izaera telematikoa konbinatuz

Koalizio soberanistak beste ekimen bat aurkeztu du Herritarren Aferetarako Batzordean. Bertan, Herritarren Partaidetza Arloari eskatzen dio auzo-foroen egutegia mantentzea, beti ere "hiritarren segurtasuna bermatzeko unean uneko osasun-neurrietara egokituz". Ildo horretan, eta bigarren akordio-puntu gisa, proposamenak Fernando Sesma buru duen arloari eskatzen dio "foroaren formatu alternatiboak aurkezteko, pandemiaren egoeraren arabera beharrezkoak diren segurtasun-neurriekin egiten jarraituko direla bermatzeko". Azkenik, aste honetan bertan behera geratu den Mendillorriko foroa egiteko beste data bat bilatzea eskatu dute.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a