Albisteak

2024-04-10

EH Bilduk alegazioak aurkeztu dizkio Erdizko meategi proiektuari, haren onarpena atzera botatzeko eskatzeko

EH Bilduk alegazioak aurkeztu dizkio Erdizko meategi proiektuari, haren onarpena atzera botatzeko eskatzeko NAFARROA

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak Magnesitas Navarrasek Artesiaga aldean (Esteribar-Baztan, Nafarroa) magnesita ustiatzeko duen proiektuaren onarpena bertan behera uzteko eskatu du. Talde subiranistak iritzi dio Udalaz Gaindiko Eragineko Sektore-Proiektu (UGESP) gisa udal autonomiaren printzipioa urratzen duela proiektuak, eta Erdiz inguruko balio ekologikoak eta paisaia-balioak galtzea eta naturagune babestu baten osotasunari eragin dezakeela.

Adolfo Araiz parlamentarioak alegazioak aurkeztu dizkio proiektuari, gaur goizean, Nafarroako Gobernuko Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuan, Fernando Anbustegi Baztango alkatearekin batera. “Proiektu honek ez ditu ez komunalak, ez landa-mundua, ez abeltzaintza estentsiboa, ez Baztanen borondatea defendatzen. Gobernuak ez lituzke multinazional baten interesak defendatu behar, eta, horregatik, premiazkoa da onarpena baztertzea”, adierazi du.

Parlamentuko taldeak aurkeztutako alegazioen arabera, UGESPA onartzeak urratu egiten du Baztango eta Esteribarko udalen udal-autonomiaren eta autoantolaketaren printzipioa, horiek baitira beren udalerrien hirigintza-antolamendua ezartzeko organo eskudunak eta legitimoak. “Hirigintza-figura horiek berekin dakarte planak eta proiektuak onartzea, udal bakoitzean onartutako hirigintza-plangintzaren mende egon gabe”.

Zentzu horretan, Fernando Anbustegi Baztango alkateak gogorarazi du Baztango Udalak eta Batzarrak uko egin diotela proiektuaren tramitazioari, mozio banaren bidez: "Bi erakundeen gainetik pasa nahi du gobernuak, behin baino gehiagotan kontra azaldu direnean. Onartezina da Magnaren eskutik Nafarroako Gobernuak baztandarrak azpiratu nahi izatea. Ez dugu onartuko, doike”.

Era berean, EH Bilduk uste du proiektua onartzeak eragina duela babestutako habitat eta espezieetan, eta Baztango larre tradizionaletan. “Dozenaka abeltzain joaten dira urtero, abere, behi eta zaldiekin, inguru honetara. Iaz 90 abeltzainek erabili zituzten larre horiek beren abereak elikatzeko”, zehaztu duenez. “Proiektuak eragindako eremua garrantzi handiko eremua da ekologiaren eta ekonomiaren ikuspegitik, bai balio naturalagatik, bai ibarrean garrantzi handia duen Baztango abeltzaintza tradizionalean duen eraginagatik. Ez dugu ahaztu behar abeltzaintza estentsiboak gaitasun handia duela landa-populazioa finkatzeko, eta bateragarria eta beharrezkoa dela habitat erdinaturalak eta paisaia mantentzeko, lurraldea modu jasangarrian eta lurrari lotuta erabiltzen baitu”. Koalizioak zalantzan jarri du, era berean, proiektuak enplegua sortzeari dagokionez izango duen eragina, “oso mugatua” izango dela iritzita.

Meatze-proiektuaren kokalekua naturagune babestua da, eta babes-lurzoru urbanizaezin gisa sailkatuta dago, Natura 2000 Sarean sartuta baitago, Alduide mendia Kontserbazio Bereziko Eremuaren barruan, eta, aldi berean, onura publikoko mendi batean (OPM) kokatuta baitago. Horregatik, EH Bilduk bateraezina deritzo erauzketa-jarduera gauzatzeari eta KBEan dauden habitat eta espezieetan eragin negatiborik ez izateari. “Ezin dugu ahaztu, aplikatu beharreko jurisprudentziaren arabera, KBEaren osotasuna azalera osoak osatzen duela, eta haren zati bati eragiten bazaio, haren osotasunari eragiten zaiola”.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a