Albisteak

2025-04-11

EH Bilduk akordioa lortu du Nafarroako Gobernuarekin Oronoz-Mugairiko Lanbide Heziketako Zentro Integratua eraikitzeko

EH Bilduk akordioa lortu du Nafarroako Gobernuarekin Oronoz-Mugairiko Lanbide Heziketako Zentro Integratua eraikitzeko NAFARROA

EH Bildu Nafarroak Oronoz-Mugairiko lanbide heziketako ikastetxe berriaren eraikitzea bultzatu du, foru Gobernuarekin akordioa lortu ondoren. Akordio horrek EH Bilduk eta Gobernuak 2025. urterako lortutako aurrekontu-akordioari erantzuten dio. Joan den astean sinatu zen akordio horri esker, zentroa eraikitzeko behar diren bitartekoak bermatzen dira, baita kronograma bat ere, eskaintza modu adostuan birbideratuz eta finantzazioa bermatuz.

EH Bilduk zonaldean mugarri bat ezartzen duen akordioa dela defendatu du, eskualdeko eragile ezberdinek aspalditik egindako aldarrikapen bati erantzuna ematea lortzen duelako. Ikastetxe honetarako proiektua urte gehiegitan ahaztuta egon da, Gobernuaren aldetik hori aurrera eramateko inolako interesik gabe, eta EH Bildutik, eskualdeko eragile sozial, hezkuntza eremuko eta ekonomikoen eskutik, proiektua berreskuratzea eta gauzatzea lortu dugu.

Eneka Maiz EH Bilduren hezkuntza arloko bozeramaileak azaldu duenez, prozesu neketsua izan da inplikatutako alde ezberdinen aldetik, eta agerian utzi du konpromiso bera duten ezberdinen arteko lan koordinatuaren garrantzia. Eskualdeko ordezkariek eragile sozioekonomikoekin egin duten lana funtsezkoa izan da dauden beharren diagnostiko egokia egiteko eta, ondoren, heziketa-eskaintza berritu bat diseinatzeko. Ez da erraza izan adostasun batera iristea, baina EH Bildutik zailtasunak gainditzea eta Gobernuarekin akordio on bat adostea lortu dugu ikastetxe berri honetarako. Hezkuntza Departamentuaren, tokiko administrazioen eta hezkuntza komunitatearen arteko demokrazia parte-hartzailearen adibide bat da, ez ohikoa. Horregatik, EH Bildutik eskerrak eman nahi dizkiegu proiektu hau bultzatu eta errealitate bat izan dadin lan egin duten eragile sozioekonomiko guztiei, prozesu honetan guztian zehar erakutsi duten konpromisoagatik eta lan handiagatik”, azaldu du Maizek.

 

Eskualdeko alkate eta eragile sozioekonomikoekin topaketa

Ostiral honetan, Laura Aznal Nafarroako EH Bilduren bozeramailea eta Eneka Maiz parlamentaria Baztango alkate Fernando Anbustegi, Berako alkate Aitor Elexpuru, Lesakako alkate Ladis Satrustegi, Doneztebeko alkate Arantxa Arregi, eta Elizondoko IIP Lanbide Eskolako zuzendari Iñigo Gorrotxategirekin, Berako Toki Ona BHIko zuzendari Igor Arruabarrenarekin, Lekarozko BHIko zuzendari Iñaki Beltránekin eta Cederna Garalur Elkarteko ordezkari Izaskun Abrilekin bildu dira.

 

Lanbide heziketako ikastetxe integratu berria non kokatuko den ezagutzeaz gain, EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak lortutako akordioaren inguruan balorazioak eta hausnarketak partekatzeko balio izan du topaketak.

Horren harira, Anbustegi Baztango alkateak nabarmendu du proiektu “estrategikoa” dela “eremu honen etorkizunerako”. “Aspalditik beharrezkoa zen azpiegitura bat da, eta eragile sozioekonomikoen eta hezkuntza-komunitatearen artean adostasun handia dago. Ziur gaude eskualde osorako zentro erreferentziala izanen dela, hezkuntza eskaintza zabaldu eta hobetuko duelako, eta gure herri eta eskualdeen garapenerako ere ardatz oso garrantzitsua izanen delako”, defendatu du.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a