Albisteak

2023-04-21

EH Bilduk 302 neurri dituen programa aurkeztu du “Mayaren hondamendia” gainditzeko eta Iruñea abangoardiako hiri gisa indartzeko

EH Bilduk 302 neurri dituen programa aurkeztu du “Mayaren hondamendia” gainditzeko eta Iruñea abangoardiako hiri gisa indartzeko IRUÑEA

Bost multzotan banatzen dira: gobernantza eta herritartasuna; berdintasuna eta justizia soziala; trantsizio ekologikoa; ekohirigintza eta etxebizitza; kultura eta euskara
 

Auzo-Planak programa bat osatzen du, eta bertatik ateratzen dira hiri osoan postontzietan banatuko den aldizkari baterako 25 neurri adierazgarrienak

 

302 neurrik osatzen dute EH Bilduk M28ko Iruñeko hauteskundeetara aurkeztuko duen hauteskunde programa. Proposamen horiek bost gai-multzotan banatzen dira, hiriko 14 auzoetako bakoitzean lau ekimen nabarmentzen dituen auzo-plan batean hain zuzen ere. Gobernantza, demokrazia eta herritartasuna; Berdintasuna, justizia soziala eta zaintza-hiria; Trantsizio ekologikoa eta klima-aldaketa; Ekohirigintza, etxebizitza soziala eta tokiko ekonomia jasangarria; eta Kultura, euskara eta hezkuntza dira bost blokeak. Joseba Asironek, EH Bilduren Iruñeko alkategaiak, esaldi grafiko batekin laburbildu du programa: "Eskuindarren gobernuaren lau urte hauetako hondamendia gainditzeko proposatzen dugun tresna da, Iruñea abangoardiako hiri gisa finkatu eta indartzeko".

Bloke bakoitzak, era berean, proposatutako neurriak gaika biltzen dituzten azpimultzoak ditu. Hala, gobernantzaren atalak hiru epigrafe ditu: bizikidetza eta memoria demokratikoa, polizia komunitarioaren eredu berria eta gizarte-bitartekaritza eta espazio publikoa eta herritarren parte-hartzea: “Bizikidetza demokratikotik, desberdintasunaren errespetutik eta herritarren rol protagonistatik abiatuta eraiki nahi dugu hiria, eta programaren zati honetan biltzen ditugu ildo horretako neurriak”, laburbiltzen du Asironek, bere zerrendako lehen hamar kideekin batera.

Berdintasunaren blokeak aldiz bost epigrafe ditu: Berdintasuna; ekintza komunitarioa eta gizarte-zerbitzuak; aniztasuna; adinekoak eta haurrak, gazteak eta nerabeak. “Helburua pertsonak eta haien beharrak politika publikoen erdigunean kokatzea da eta honetarako herritarren zerbitzura egongo den benetako erakundea izatea, hiriaren oinarriak ezarriz, bultzatuz eta lortuz”, azaldu zuen hautagai subiranistak.

Hirugarren blokeak, Trantsizio Ekologikoari buruzkoak, beste bost atal ditu: mugikortasun iraunkorra; hiria, hiri-basoak eta korridore berdeak zaharberritzea; elikadura-subiranotasuna; energia-eredu berria; eta, azkenik, klima-aldaketa, hiri-osasuna eta animalien ongizatea: “Klima aldaketaren eraginetarako prestatutako hiri atsegin, jasangarri eta osasungarri bat bultzatu nahi dugu, bere ondorioak aurreikusi eta txikiagotzeko gai izango dena”, nabarmendu du Asironek.

Laugarren blokea zabalena da eta sei atal ditu: ekohirigintza; etxebizitza soziala eta espekulazioari aurre egitea; kontratazio publiko arduratsua; enplegu publikoa eta ekonomia soziala; hurbileko merkataritza eta turismo iraunkorra. “Etxebizitza izateko eskubidea eskubide erreala izango duen hiri bat bultzatzen ari gara, hirigintza-plangintza interes komunaren arabera egingo dena eta ez interes pribatuen arabera. Honetaz gain, hurbileko egitura ekonomiko baten alde egingo dugu, kalitatezko enplegua sortuko duena eta kanpora begira egongo”, laburbiltzen du EH Bilduko hautagaiak.

Azkenik, Kultura blokeak bost atal ditu: hiri-ekipamenduak eta kultura-kudeaketa; sanferminak, herri-kultura eta jaiak; hurbileko kultura auzoetan; kultura garaikidea eta euskara eta hezkuntza. Asironek azaldu zuenez, “bi hizkuntza berdintasunean erabil daitezkeen hiriari benetako aintzatespena eman nahi diogu, baita Iruñea abangoardia kulturalean kokatu, sormenaren, bultzadaren eta kulturaren sektorearen babesaren erreferente bihurtu ere.”

1.000 etxebizitza sozial eta “Caidos”en inguruko erabakitze prozesua

Programako 302 neurrien artean, 25 nabarmendu ditu EH Bilduk, Nafarroako hiriburuko etxe guztietan postontzietan banatuko den aldizkari batean agertzen direnak. Aldizkari horretan programa osorako lotura zuzena egongo da, baina neurri hauek eraiki nahi dugun hiriko adierazgarrienak bezala nabarmendu ditugu, “hiri libre bat, inposiziorik eta merkantilismorik gabea, bere erabakiak hartzeko gai izango dena eta bere aniztasuna eta legatua nabarmendu eta aitortuko dituena”, laburbiltzen zuen agintari abertzaleak.

Etxebizitza-planaren neurri nagusiena hamaika auzotan 1.000 etxebizitza sozial edo babestu baino gehiago bultzatuko dituela da. “Etxebizitza hauek dagoeneko urbanizatuta dauden lurzoruetan eraikiko dira, eta espekulazio-politika zero aplikatuko zaie”, zerrendako 3. zenbakiko Joxe Abaurreak nabarmentzen zuenez. “Ez dugu, inolaz ere, garapen urbanistiko berririk kontutan izan honetarako, hala nola Donapea edo Etxabakoitzeko PSISa, iraunkortasun eta zuhurtasun irizpideengatik”, argitzen zuen. “Horretaz gain, birgaitzeari, hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jartzeari edo bakarrik dauden adinekoen etxebizitzetan gazteentzako alokairuak sustatzeari buruz lan egingo dugu”.

25 proposamen horien artean daude, halaber, gobernantza-blokeari dagokionez, partaidetza-prozesu bat, “Caidos”en etorkizuna erabakitzeko; hiriko irisgarritasun-plan bat eta zarataren mapa bat egitea; arbitrariotasunik gabeko espazio publikoaren erabilera arautzea; Polizia Komunitarioa berreskuratzea eta bultzatzea (poli-bizikletak barne), eta auzoen figura-administratiboa “ofizializatzea”.

25.000 zuhaitz berri eta ahultasun-egoeran dauden pertsonentzako Hortz-Bonua

Bigarren blokean, besteak beste, honako hauek sartzen dira: hiri osorako Adinekoen Ituna proposatzea, jubiloteka bat egitea, auzo guztietako ekintza komunitarioa hartu eta koordinatuko duen azpiegitura sozial bat diseinatzea edo lehen LGTBI+ Plana idaztea. Atal honetan sartzen dira Emakumeen Etxea handitzea, lehen erroldatzearekin ongietorri-protokolo bat egitea edo ahultasun-egoeran dauden pertsonentzako hortz-bonu bat sortzea.

25.000 zuhaitz berri dituen hiri-baso handi bat, korridore berdeen sare bat eta Uholdeak Leheneratzeko eta Prebenitzeko Plana nabarmentzen dira neurri zehatz gisa Trantsizio Ekologikoaren blokean. Hirigintzari dagokionez, EH Bilduk Sarasate pasealekua zero kotan eraberritzeko prozesua berreskuratzearen alde egin du, zuhaitzak errespetatuz, korridore berri bat diseinatuz (Marcelo Celayeta, Cuatro Vientos eta Sanduzelaiko biribilgune eraberritu edo lurperatua barne), edo nekazaritza-eraztun produktibo bat sortuz eta birgaitzeko laguntzak handituz.

Pilota Museoa, Musika-Etxea eta mendeurreneko merkataritzaren babesa

Euskal Pilotaren Museoa, San Juan-Donibaneko haur-eskola berria eta “Ciudadela” kultura garaikide erreferentzialaren gune gisa berreskuratzea dira kultur blokeko proiekturik esanguratsuenak. Hemen sartzen dira, halaber, hizkuntza-normalizazioaren prozesuan aurrera egiteko jarduera-plan estrategiko bat idaztea eta II. Zabalguneko civivox-a Maristen eraikinera aldatzea, Salesianosekoa Musikaren Etxe eta Pablo Sarasate Museo gisa utzita.

Azkenik, tokiko ekonomiari eta berrikuntzari dagokienez, hainbat neurri sartzen dira, hala nola Geltoki Proiektuaren bigarren fasea garatzea (geltokiaren eraikinaren etorkizunari buruzko ideia-lehiaketa barne), NUPen eskutik Kale Nagusiko 59 zenbakiko coliving-a abian jartzea gazteentzako bizileku, lan eta ikerketa gisa, edo Agustinen komentu zaharrean ikus-entzunezko eta zinemako industriaren HUB bat sortzea. Tokiko Merkataritza Bultzatu eta Babesteko Ordenantza berri batek, ehun urtetik gorako lokalentzako erregimen berezia jasotzen duenak, atal hau osatzen du. 

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a