Albisteak

2020-09-25

EH Bilduk 2021eko Iruñerako estrategia fiskala aurkeztu du; tratu-berdintasuna bermatu, udalen kudeaketa gaitasuna indartu eta Covidaren krisiari aurre egiteko laguntza-ildoak irekitzeko lau ekimen aurkeztu ditu

EH Bilduk 2021eko Iruñerako estrategia fiskala aurkeztu du; tratu-berdintasuna bermatu, udalen kudeaketa gaitasuna indartu eta Covidaren krisiari aurre egiteko laguntza-ildoak irekitzeko lau ekimen aurkeztu ditu IRUÑEA

Terrazen diru bilketa tokiko ekonomian inbertitzea, okerren daudenei zergen zati bat ematea eta banku eta korporazio handientzako etxebizitza hutsen gaineko zerga aktibatzea proposatzen du koalizioak

 

EH Bilduk lau ekimen aurkeztuko ditu 2021erako ordenantza fiskalak eta prezio publikoen arauen aurreproiektuaren eztabidarako. Proposamen horien helburua da herritar guztien arteko tratu-berdintasuna bermatzea, udal-zerbitzu eta -instalazioetarako sarbide unibertsala mantentzea eta krisiaren ondorioei aurre egiteko udal-gaitasuna bermatu ahal izateko baliabideen birbanaketa aproposa egitea. Ekimen horiek hiru instantzia ezberdinetan aurkeztuko dira: alde batetik, EH Bilduk bi zuzenketa egingo dizkio ordenantza fiskaletarako hirukoaren proposamenari (terrazak eta instalazioen erabilera); bestetik, Parlamentuan ekimen bat sustatuko du Iruñeko Udalaren kudeaketa ahalmena handitzeko; eta azkenik, Gobernuari eskaera bat aurkeztuko dio hiriko etxebizitza hutsen erroldaren tramitazioa azkartzeko. Joseba Asiron koalizioaren bozeramaileak azaldu duenez, "ekimen hauen bidez, erakundeari egungo krisiari aurre egiteko tresna erabilgarri eta praktikoak eman nahi dizkiogu, okerren daudenei laguntzeko ikuspegitik, baina, era berean, etorkizunean, Udalak dirua biltzeko duen ahalmena handitu nahi dugu, gastu sozialerako baliabideak  indartzeko".

Joseba Asironek Marian Aldaia zinegotziarekin egin du agerraldia, eta azaldu duenez, "Ordenantza fiskalen eztabaida aurtengo aurrekontuen eztabaidaren atarikoa da eta aurten eztabaida hori Covidaren krisiak baldintzatua egongo da ere". Horren harira, EH Bilduk "hiru ideia" defendatuko dituela nabarmendu du: "Udalak dirua biltzeko duen ahalmenari eusteko beharra, gizarte-laguntzetarako eta tokiko ekonomiarako funtsak handitzeko konpromisoarekin; udal-eskumenak zabaltzea, okerren daudenei laguntzeko ildo berriak ireki ahal izateko; eta, azkenik, Udalak etxebizitza hutsen jabetza dutenei, bankuei eta promotore handiei alegia, ezarritako zerga-kargen bidez finantzaketa-iturri berriak sortzeko gaitasuna indartzea. “Gure lehentasunak Udal autonomia indartzea, erakundea inor atzean gera ez dadin inplikatzea eta gehien dutenei zerga karga handiena ezartzea dira", laburbildu du EH Bilduko bozeramaileak. "Estrategia integrala da: alde batetik, Udalak dirua biltzeko duen ahalmenari eusten diogu; bestetik, Covidaren krisiak gehien kaltetutako pertsonentzako zerga-kargen hobarien lerro bat irekitzen dugu, eta, azkenik, udal finantzaketa-lerroak handitzen ditugu, hutsik dauden etxebizitza gehienak dituzten korporazio handiei zergak ezarriz", ondorioztatu du.

Terrazen tasarekin bildutako dirua tokiko ekonomiari laguntzeko

Ordenantza fiskalak aldatzeko aurreproiektuaren tramitazio formalari dagokionez (datorren astean hasiko da eztabaida), koalizio subiranistak bi zuzenketa aurkeztuko ditu. Lehenengoak bide publikoa terrazaz okupatzeagatiko tasei eustea defendatzen du, bildutakoa ostalaritza-sektorerako laguntzetara bideratzeko konpromisoarekin. Laguntza horiek, hala badagokio, diruzaintzako gerakinaren transferentziekin osatuko lirateke. "Asmoa da tokiko ekonomiari laguntzeko poltsa bat sortzea, ostalaritzaren sektorea barne hartuko lukeena, eta elkartasunaren eta bildutako diruaren birbanaketaren kriterioak jarraituz kudeatzea", azaldu du Marian Aldaiak. "Ez dirudi bidezkoa, eta ostalaritza sektoreko ordezkariek hala berretsi dute, eztabaida honetan eskuinaren proposamen bakarra terraza duten lokalei soilik tasak kentzea izatea, horiek baitira jarduera maila bat mantendu dezaketen bakarrak, gainerako sektoreak berdin ordaintzen jarraitzen duen bitartean", gaineratu du. EH Bilduren proposamena terrazen bidez bildutako 450.000 euroak sektore osoari zuzendutako laguntzetara bideratzea da, superabit partidekin osatuz, eta tokiko ekonomiari laguntzeko poltsa bat osatu. “Horrela beste sektore batzuek ere, hala nola merkataritzak eta kulturak", etekina atera diezaiokete poltsa horri.

Bigarren zuzenketak kirol- eta eskola-instalazioak erabiltzeko egungo baldintzak mantentzea eskatuko du. "Harriduraz egiaztatu dugu gobernu taldeak, Covidarekin zerikusirik ez zuen ezer ukituko ez zuela esan arren, egungo egoeraz baliatu nahi izan duela lokal horietan jarduera politiko, erlijioso eta komunitarioetarako erabiltzea ezabatzeko", azaldu du Aldaiak. "Horrek esan nahiko luke, adibidez, alderdi politikoek edo prebentzio-taldeek ezingo lituzketela instalazio horiek erabili bileretarako, hitzaldietarako eta abarretarako, eta, hartara, zentsura moduko bat aplikatzen arituko lirateke, beste garai batzuetan Iruñean nagusitu zen eredu murriztailera itzuliz", gaineratu du.

Arau aldaketak udal zergetan hobariak ahalbidetzeko

Proposamen horiek osatzeko Nafarroako Parlamentuan EH Bilduk foru araudiaren aldaketa planteatuko du udalek, kasu honetan Iruñekoak, hobari fiskalen ildoak martxan jarri ahal izan ditzaten, pertsona eta kolektibo jakin batzuei tokiko zergei aurre egiten laguntzeko. Neurri hori, hasiera batean, behin behinekoa izango litzateke, betiere udalek Covidaren krisiari aurre egiteko dituzten tresnak indartzeko asmoz. "Helburua da zerga orokorretan, hala nola kontribuzioan edo zirkulazioaren gaineko zergan, udalak, udal-eremuko karga fiskalei dagokienez, hobariak ematea okerren dauden herritarrei", azaldu du Marian Aldaiak.

"Hobariak errentarekin lotuta egongo lirateke beti", zehaztu du EH Bilduko Ekonomia arduradunak. Hobarien lerro honen onuradun izan daitezkeen taldeak honako hauek izango lirateke: errenta baxuak dituzten pertsonak, langabezian daudenak, EREak edo ERTEak dituztenak, errenta baxuak dituzten familia ugariak edo diru-sarrera baxuak dituzten guraso bakarreko familiak. Zerga orokorretarako hobariak, hala nola kontribuzioa, pertsona fisikoei edo familia-unitateei lotuta egongo lirateke, eta zirkulazio-zergetarako hobariak, berriz, ibilgailuak lan-tresna gisa erabiltzen dituztenen lan-egoerari lotuta.

Hobari horien finantzaketa udal superabitaren zati batekin osatuko litzateke. Superabita gastu sozialerako erabiltzea posible izango da orain Gobernu Zentralaren azken erabakiari esker. EH Bilduren aurreikuspenen arabera, Udalak kontribuzioagatik urtean jasotzen dituen 30 milioi euroetatik 0,9 eta 1,3 milioi euro artean bonifikatuak izan litezke, eta zirkulazioagatik jasotzen dituen 10 milioietatik 400.000 euro bonifika daitezke.

Etxebizitza hutsen gaineko zerga bankuentzat eta promotore handientzat

Azkenik, estrategiaren hirugarren elementu gisa, koalizioak etxebizitza hutsen errolda egiteko prozesua azkartzeko eskaera egingo dio Nafarroako Gobernuari Iruñeari dagokion zatia abendurako prest izan dezan. Helburua, 2021era begira, mota horretako etxebizitzen edukitzaile handiei zerga ezartzea da, Aldaketaren Udal Gobernuak bere legealdiaren azken urtean (2018) onartutako ordenantzetan jaso zen bezala. Zerga horrek higiezinen korporazio handiei soilik eragingo lieke (bankuak, sektoreko promotoreak eta multinazionalak), beren etxebizitzak hutsik mantentzen baitituzte. "Honakoa lortu nahiko genuke: Udalaren diru-bilketarako ahalmena handitzea eta etxebizitza hutsak merkatura ateratzea sustatzea, salmentan dela edo alokairuan dela, prezioak jaistea ahalbidetuko lukeena", azaldu du Aldaiak. Proposamen horretan, Udal korporazioaren konpromisoa diru-bilketa "soilik" gastu sozialera bideratzea izango litzateke.

Hobarien proposamena ez bezala, zeina aldi baterako soilik planteatzen den, etxebizitza hutsen gaineko zerga "geratzeko dator, eta inbertsio sozialerako bildutakoa erabiltzeko konpromisoa iraunkorra izatea nahi dugu", ondorioztatu du Aldaiak.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a