Albisteak

2021-11-27

EH Bildu “pozik” agertu da Nafarroako aurrekontuei egindako ekarpenekin

EH Bildu “pozik” agertu da Nafarroako aurrekontuei egindako ekarpenekin NAFARROA

Alderdi politikoa “pozik” agertu da zuzenketa bidez egindako ekarpenekin, aurrez adostutako tokiko finantziazioaren igoerarekin eta Nafarroako Gobernuarekin sinatutako aurrekontu-akordioan jasotako 10 milioi euroko partidekin bat egin dutenak.

Hala, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak 71 zuzenketa partzial erregistratu ditu 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorraren Proiektuari. Gainera, aurrekontuak onartzeko aukera izango duten beste talde parlamentarioekin batera, beste hainbat zuzenketa erregistratu ditu.

EH Bilduren eta Nafarroako Gobernuaren arteko aurrekontu-akordioan jaso zen bezala, alderdiak ondorengo arlo hauetan aurkeztu ditu zuzenketak: hezkuntza, osasungintza, eskubide sozialak, lurralde-kohesioa, landa-garapena, kultura eta migrazio-politikak.

Aurkeztutako zuzenketa partzialek 3.400.000 euro baino gehiagoko balio osoa dute, EH Bilduren proposamenetatik aurrekontu-aurreproiektuan sartutako 10 milioi euroei gehitzen direnak.

Hezkuntza Departamentuari dagokionez, EH Bilduren eskariz Aurrekontu Proiektuan dagoeneko sartu diren 1,5 milioi euroei beste milioi euro bat baino gehiagoko partidak gehitu zaizkie orain. Horien artean, batez ere hezkuntza-azpiegiturak berritzeko eta hobetzeko partidak dira nagusi, hala nola, Aiegin ikastetxe publiko berri bat jartzeko proiektua, Ultzamako eskolako jantokia eraberritzea edota Mendigorriako eskola eta Biurdanako institutuaren estalkiak, azken hori Geroa Bairekin batera.

Osasungintzari dagokionez, aurreproiektuan jasotako ia 3 milioi euroei zuzenketa partzialek 300.000 euro baino gehiago gehitzen dizkiete; horietatik 200.000 euro Tuterako Gayarre Osasun Etxea handitzeko dira. Era berean, beste partida batzuk Desamiantatze Planerako, San Juan Adinekoen aldeko Itun Hitzarmenerako eta toki entitateei zahartze aktiborako dirulaguntzak emateko dira.

Eskubide Sozialetan eta Migrazio Politiketan, aurreproiektuan sartutako 1.665.000 euroez gain, aurkeztutako zuzenketak 250.000 euro ingurukoak dira. Horien artean, nabarmentzekoak dira Gizarte Errealitatearen Behatokirako partida bat, “gazteek etxebizitza eskuratzeko duten aukerari buruzko diagnostikoa” egiteko, Lantxotegi elkartearekin hitzarmen bat sinatzea gazte migratzaileekin programa egiteko eta beste partida batzuk, Parlamentuko beste talde batzuekin, hainbat elkarteri laguntzeko.

Lurralde Kohesioari dagokionez, aurreproiektuan sartutako 2 milioi euroei beste 1,2 milioi euro inguru gehitu zaizkie, Nafarroako hainbat kontzeju eta udali zuzendutako partidetan. Partida horiek hainbat hobekuntza lan egiteko eta toki garapeneko proiektuak bultzatu eta zabaltzeko dira, hala nola Mimukai Leitzan, Olaztiko harrobia zaharberritzeko, Zangozako hiltegi zaharra eta Bakaikuko eskola zaharrak erabilera sozialetarako zaharberritzeko edota Zizur Nagusiko bide osasungarrien sarerako.

Landa Garapenean, EH Bilduk ekoizpen ekologikoaren aldeko apustuari eusten dio, Podemosekin batera bultzatutako 110.000 euro Ekoalderekin hitzarmena egiteko. Halaber, Aralarren guardetxe bat eraikitzea (150.000 euro) eta abeltzaintza-azpiegiturak (100.000 euro) bultzatzen ditu, beste talde batzuekin batera.

EH Bilduk Kultura Departamentuari 400.000 eurotik gorako zuzenketak ere aurkeztu dizkio, aurreproiektuan sartutako 264.000 euroei gehituta. Hala, 100.000 euroko zuzenketa da azpimarragarria, Uharteko Udalari “Espazio Eszeniko Berria” izeneko proiekturako transferentzia egiteko. Gainera, beste hainbat proiektu finantzatzen dira, hala nola Muesto Oteiza, Nafarroako Antzerki Sarea, Amaiur 1522ren oroitzapenezko jarduerak…

Era berean, EH Bilduk nabarmendu du 100.000 euroko zuzenketa bat, tokiko telebisten ikus-entzunezko produkziorako laguntza, hain zuzen. Horrekin batera, ekoizpen ekologikoarekin, adingabeen eskubideekin eta euskararen sustapenarekin lotutako hainbat partidak ere aurkeztu ditu, besteak beste.

Hala, EH Bilduren ustez, bai proiektuan sartutako partidek baita orain aurkeztutako zuzenketek ere “Aurrekontu Proiektua nabarmen hobetuko dute eta, beraz, zerbitzu publikoak eta gizarte- eta lurralde-kohesioa indartuko dituzte”.


 

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a