Nafarroako Gobernuak, joan den asteazkenean, Koronabirusaren osasun-krisiak (COVID-19) eragindako inpaktuari erantzuteko premiazko neurriak jasotzen dituen Foru Lege Dekretua onartu ondoren, EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak Nafarroako Gobernuari eskatu dio araudia garatzeko pertsona autonomoentzat onartutako laguntzak "ahalik eta eperik laburrenean kobratu ahal izateko".
Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariaren hitzetan, "laguntza hauek Gobernuaren eta gure Talde Parlamentarioaren arteko negoziazioaren emaitza dira, Gobernuak ulertu baitu legezko arauak aurrera ateratzeko modurik onena elkarrizketa eta ondorengo akordioa direla, aurreko jarrerak zuzenduz. Halaber, Gobernuaren jarrera jakin batzuen ondorioz, oposizioko taldeek bat egin behar izan zuten neurri berri horiei buruzko akordioa ahalbidetu duten bozketa batzuetan ".
Araizek adierazi duenez, "EH Bildun ziur gaude, Navarra Suma-ren zuzenketa gure botoekin onartu izan ez balitz, ez zela posible izanen gure zuzenketan jarduera utzi behar izan duten autonomoentzat defendatzen genuen laguntza onartzea". Parlamentariaren hitzetan, "pozten gara Gobernuak ulertu duelako posible dela hitz egitea, negoziatzea eta adostea, gero eta gehiago krisi ekonomiko eta sozial bihurtzen ari den krisi sanitarioaren eraginpean dagoen jendearen egoera hobetzeko".
Ildo horretan, EH Bildu pozik agertu da Nafarroako Gobernuak Foru Lege Dekretu horretan sartu dituelako "egin genizkion ekarpen guztiak, adibidez, herritarrek Kultura Departamentuari egin nahi dizkioten dohaintzetarako diru-sarreren partida bat irekitzearena, ezohiko ekintzetarako bideratuta dagoena, krisiaren ondorio ekonomikoak arintze aldera kulturaren sektorean". Onartutako dekretuak, halaber, "premiazko prozeduraren bidez kontratatuko duten Departamentuen ekintzen gaineko finantza-kontrol iraunkorraren beharra" jasotzen du, "Kontu-hartzailetzak normalean egiten dituen kontratuen aurretiko fiskalizazioa etetearen aurrean", gaineratu du Araizek.
Hala, "EH Bilduk proposatuta, ikerketa zientifiko eta teknikoko jardueren azpikontratazioari %60ko muga ezarri dio Gobernuak, eta diru publikoarekin finantzatuko dira", azpimarratu du. Foru parlamentariaren hitzetan, "Gobernuak jarduera guztiak azpikontratatu ahal izatea nahi zuen eta, gainera, ez zituen aurreikusten funts horien erabilera eta xedea egiaztatzeko eta kontrolatzeko lanak".
Era berean, Araizek azaldu duenez, "gure beste ekarpen baten bidez, Gobernuak aldatu egin zuen Toki Erakundeen Larrialdietarako Laguntzak banatzeko irizpideari buruzko hasierako asmoa; horrela, biztanleen irizpide bakarra ezabatu zen, planteatu zitzaizkien irizpide bidezkoagoengatik, hala nola pobreziaren mugaren azpitik bizi diren pertsonak, langabeak, 65 urtetik gorakoak eta COVID-19k kutsatutakoak”.
Azkenik, EH Bilduko parlamentariak nabarmendu duenez, "kontratazio publikoari buruzko neurrien artean, Gobernuak gure talde parlamentarioak helarazi zion beste proposamen bat jaso zuen; horren arabera, kontratu publikoak eteten zaizkien enpresek kalte-ordainak jaso ahal izateko, beti ere kontratu horri atxikitako enpleguari eusten diotela egiaztatu beharko dute, jaso nahi duten aldi osoan".