Ikerketa batzordea sortzeko justifikaziorik gabeko atzerapenaren aurrean erantzukizun politikoak eskatuko dituela iragarri du alderdiak
“Inork ez dezala zalantzarik izan legealdia amaitu baino lehen Mayak, luzamendutan saiatu arren, kontu eman beharko duela bere alderdiaren mesederako udal baliabideen ustezko iruzurrezko erabileragatik”. Argi eta garbi ikusten du EH Bilduk, Presidentzia Batzordeak Iruñeko Udalean ikerketa batzordeak sortzeko ekimena tramitatu zuenetik bi hilabete baino gehiago igaro direnean, Mayaren taldeak oraindik ez duela prozedura hasi. "Ikusten ari garen honek guztiak galdera bakar batera garamatza: zer ezkutatu nahi dute Mayak, UPNk eta Navarra Sumak?" galdetzen du alderdi soberanistak.
EH Bilduk azpimarratu du “zenbat eta gehiago tematu alkatea eta bere taldea espediente hori geldiarazten, orduan eta ahalegin handiagoa egingo duela Osoko Bilkuraren gehiengoak espedientea aurrera ateratzeko. Maya jaunari ez zaio debalde aterako, eta zenbat eta gehiago atzeratu eskatzen zaizkion azalpenak, orduan eta irudi okerragoa utziko duela”. Alderdi soberanistak gogorarazi duenez, “aurkeztu ditugun ebidentziek indartu egiten dute Udaleko zerbitzu juridikoen burua, diru publikoarekin ordaindutako izendapen askeko kargu bat, UPNrentzat lanak egiten aritu den susmoa; Mayak erantzun behar duen galdera da zenbat eta noiztik egiten duen”. “Ez dugu inola ere onartuko horrelako praktiken aurrean zigorgabetasuna ezartzea CANeko dieten aurrekariak ikusita, gai horietan zorrotz izan behar duen udal batean”.
Gogoratu behar da oposizioko hiru alderdiek maiatzaren 10ean erabaki zutela, eta hil horretako 17an onartu zutela ikerketa-batzordeak garatuko dituen kapitulu berri bat sartzea Osoko Bilkuraren Araudian. Lehenengoa Navarra Sumako udal zerbitzu juridikoen buruak ustez egindako lan irregularretan zentratuko litzateke. Orduz geroztik, espedientea geldirik dago, ez dira nahitaezko txostenak entregatu eta ez da webgunean argitaratu. Horren aurrean, talde abertzaleak iragarri du “erantzukizun politikoak eskatuko dituela justifikaziorik gabeko atzerapen horrengatik, bi gauza baino ez baititu frogatzen: eskuinak egiari oztopoak jartzeko asmoa duela eta hori justifikatzeko gaitasunik ez duela”. Gobernu Estrategikoaren arloa da, Ana Elizalde buru duela, gestio trakets horren arduraduna.